Politika -
Adierazpenak
Rubalcaba: 'ETAk armak uztea ala Batasunak ETA uztea. Bi aukera daude'
Azken kale erasoen aurrean ezker abertzaleak ez duela argi hitz egin salatu du Barne ministroak. Era berean, "kosta" egiten omen zaio ekintza horiek kale borrokarekin zerikusirik ez dutela sinistea.
Erredakzioa
Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministro espainiarrak ezker abertzalea kritikatu du azken kale erasoen aurrean argi hitz egin ez duelako eta oharra igorri dio: "Bi aukera soilik daude. ETAk armak uztea ala Batasunak ETA uztea. Bestela, amaitu arte jarraituko dugu".
Ser irrati-kateari emandako elkarrizketa batean Rubalcabak azaldu duenez, Ertzaintza eta gainerako poliziak ikertzen ari dira azken kale erasoak antolatutako ekintzak izan diren ala tokian tokiko erasoak izan diren argitzeko. Gaiari buruzko hipotesirik aurreratu ez badu ere, zalantzan jarri du norbanakoek egindakoak izan direla: "Kosta egiten zait sinestea, zeren nire esperientziak esaten dit horren atzean antolakuntza bat dagoela".
Eraso guzti horiek "indarkeria ekintzak" izan direla azpimarratu ostean, Rubalcabak legez kanpoko alderdiei ohartarazi die legearen barruan sartu nahi badute "momentu ona dela esateko, baina argi eta garbi esateko".
"Ez zaiela gustatzen edo traba egiten diela esatea ez da nahikoa. Ados dauden edo kontra dauden da kontua, zeren euskal politikaren arazo nagusietako bat hori da, terrorismoari eta Batasunari dagokionez, argitasun falta", Espainiako Gobernuko agintariaren esanetan.
Era berean, Rubalcabak esan du orain su-etenez hitz egiten badute ere, ezker abertzalearen irtenbidea "askoz ere errazagoa" dela: "Armak uztea ala haiek uztea. Hori da Batasunak edo berekin hitz egiten dutenek argi izan behar dutena".
Azkenik, Barne ministroak azpimarratu du ETAri aurre egiten jarraituko dutela, "uda honetan ETAren kontrako borrokan lortu ditugun emaitzak daude hori frogatzeko".
Dena dela, Rubalcabak berretsi du irtenbidea "erraza dela: ETAk armak uztea ala Batasunak ETA uztea. Bi aukera daude. Bestela, amaitu arte jarraituko dugu, izan ere, argi dago arazoak amaiera izango duela, erabat ziur nago".