Politika -

Ez omen dira 'kale borroka'

Kale erasoak oztopo bat direla dio Ezker Abertzaleak

Niko Moreno Elorrioko alkatearen esanetan, Gobernuak mugimenduren bat egitea eta ETAk su etena ezartzea "begi onez" eta "aurrerapen" bat bezala ikusiko lituzke ezker abertzaleak.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Azken egunetan izandako kale indarkeria "harria" omen da Ezker Abertzaleak hasi berri duen bidean. Hori adierazi du Niko Moreno ezker abertzaleko ordezkariak eta Elorrioko alkateak. Gainera, eraso hauen jatorria ezezaguna zaiela esan du, "argi eta garbi" aldendu direla azpimarratuz.

Era berean, "edozer gauza gertatzen dela" aurrera jarrituko dutela adierazi du, daukaten "guztia emanez".

Morenoren esanetan, Ezker Abertzaleak "begi onez" ikusiko luke Gobernuak mugimenduren bat egitea, baita ETAk su etena adieraztea. Gainera, Ezker Abertzaleak "barne kohesio indartsua" duela esan du eta orain "alde gogor eta bigunago baten arteko bereizketa egitea oso kaltegarria" dela deritzo.

Azken egunetan izandako kale indarkeriari dagokionez, "ez daukagu batere garbi zer dagoen ekintza horien atzean", hauen jatorria eta izatea guztiz ezezaguna omen zaie. Morenok guzti horren inguruan hainbat politikarik eta erakundeek egiten ari diren irakurketak salatu nahi izan ditu "asmo politikoekin" egiten direlako.

Ez da ''kale borroka''

Elorrioko alkatearen hitzetan, eraso horiek ez dituzte ''kale borroka'' bezala ikusten ez dutelako horrelako ekintzetako ezaugarriekin bat egiten. Horrek kale borrokaz hitzegitea "zaildu" egiten du. Dena den, "Ezker Abertzalearen estrategiarekin zerikusirik ez dutela argi dago", Morenoren ustez.

Ez hori bakarrik, eraso horiek eta egindako irakurketek "harri bat bezala dira Ezker Abertzaleak hasi berri duen bidean", baina "harri hori ez du Ezker Abertzaleak jartzen". "Honen atzean dagoena ez da batere laguntzen ari", gaineratu du.

Niko Morenoren ustez, Ezker Abertzaleari indarkeriatik sendotasun handiagoa erabiliz aldentzeko eskatzen diotenean ere, "asmo politiko" hori ikusten dugu. "Totem bat eskatzen digute, eta ez dakigu zein den horretarako arrazoia. Gure aldentzea nahiko argia dela uste dut".Hala ere, Ezker Abertzalearen apustuak "bide luzea" duela onartu du Elorrioko alkateak. Helburua "independentzia da" baina ez da presaz ibiltzeko momentua. Epe laburrera testuinguru aldaketa bat egongo ote den galdetu diotenean, ezker abertzaleak ez duela "oztoporik" jarriko ziurtatu du.

Urte luze bat ETAren ekintzarik gabe

ETAri dagokionez, bi elementu kontuan eduki behar direla esan du Morenok. Alde batetik, azken komunikatuetan "prozesu demokratikoarekin bat datorrela nolabait adieradi du", eta Ezker Abertzalearen apustuarekin ere.

Bestetik, "ETAri zuzenean lotutako ekintzarik ez dugu izan azken urtean". Hori "ekarpen bat bezala" hartu beharko litzateke. "Gauzak ikusi egin behar dira; ETAk esan duena eta egin ez duena", azpimarratu du.

EArekin bat eginik hauteskundeetara aurkezteko posibilitatearen inguruan, bi alderdiek egiten ari diren lanak ez duela, momentuz, kutsu elektoralik adierazi du. "Hauteskundeen aurreko garaia iristen denean dauzkagun aukerak aztertu beharko ditugu".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea