Politika -
Kongresua Gipuzkoan
Borja Semper Gipuzkoako PPko presidente aukeratu dute berriz
Hautagaiak botoen % 90,53 lortu ditu, alderdiaren XIV. Kongresuan, Donostian.
Agentziak | Erredakzioa
Borja Semper berriz aukeratu dute Gipuzkoako PPko presidente gaur, botoen % 90,53 lortuta. Alderdiak XIV. Kongresua egin du gaur goizean Donostian, Kursaal Jauregian.
Irunen jaio zen Semper 1976an, eta 2009ko azaroan antolatutako Kongresuan izendatu zuten lehen aldiz Gipuzkoako PPko presidente. Orduan, botoen % 94,65 erdietsi zuen. 2012an, kargua berritu zuen, bozen % 95 jasota.
Militantziak proposatutako Zuzendaritza Batzordeari dagokionez, David Hernandez izango da idazkari nagusia, Juan Carlos Cano ordezkatuta. Hernandez alderdiko Belaunaldi Berrien presidentea izan da orain arte.
Horrez gain, Gipuzkoako PPko lau presidenteordeak ere hautatu dituzte: Juana Bengoechea, Cristina Garcia, Pedro Recondo eta Txema Murguiondo.
Semperrek aurkeztutakoa izan da prozesuaren bozketan parte hartu duen bakarra, ez baita beste inor aurkeztu. Ehun bat pertsona izan dira eta botoen % 90,53 lortu ditu. Besteak beste, Alfonso Alonso Euskadiko PPko presidentea; Amaya Fernandez idazkari nagusia; Leticia Comeron PPk Gasteizko Udalean duen bozeramailea; Nerea Llanos eta Raquel Gonzalez Bizkaiko PPko presidente izateko bi hautagaiak egon dira Kongresuan. Halaber, Iñaki Arriola Eusko Jaurlaritzako Ingurmen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza sailburua ere joan da Kursaalera.
Siglen balioa eta ETAren aurkako borroka
Semperrek defendatu duenez, azken hamarkadetan ETAren aurka egindako borroka da alderdiaren "aurkezpen gutun" onena. Era berean, "siglen balio sinbolikoa" nabarmendu du.
Hautagaitza defendatzeko emandako hitzaldian Semperrek esan duenez, "litekeena da aurkezten den azken aldia" izatea. Ondoren, alderdi txikia den arren, "garrantzitsua" dela aldarrikatu du, "siglen balio sinbolikoa" azpimarratzeaz gain.