Politika -

Kale indarkeria

Bilboko suteak kale erasoa izan direla baieztatu du Herrizaingo Sailak

Udaltzaingoak emandako bertsioa gezurtatu du horrela. Bestalde, bart molotov koktelak jaurti dituzte edukiontzi baten kontra, Zornotzan.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hamabi auto kaltetu dira gaur goizaldean Bilbon zortzi kontainer erreta. Horietako lau erabat hondatuta geratu direla zehaztu du Udaltzaingoak eta kale indarkeriarekin zerikusirik ez duela esan badu ere, Herrizaingo Sailak gezurtatu egin du informazio hori eta kale erasoa izan dela baieztatu du.

Udaltzaingoa eta suhiltzaileak Zumarraga kalean bertaratu dira gaur goizaldeko bostak baino lehentxeago, kontainer bat sutan zegoela jakin dutenean. Bilboko suhiltzaileek adierazi dutenez, kontainerraren alboan aparkatuta zegoen furgoneta batek kalteak izan ditu, eta zati bat kiskalita geratu da.

Ibilgailua aldapan zegoenez, gasolina kalean behera joan da eta beste hamaika autok jaso dituzte suaren ondorioak.

Orotara zortzi edukiontzi erre dituzte, Zumarraga kaleko bi kontainerrez gain, lau Kalamua kalean, beste bat Errondan eta bat Fika kalean.

Molotov koktelak, Zornotzan

Bestalde, bart bi molotov koktel jaurti dituzte Zornotzako udal-aparkaleko batean zegoen edukiontzi baten kontra, baina ez da kalte handirik izan, terrorismoaren kontrako iturriek jakinarazi dutenez.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea