Politika -
Offshore sozietatea
Moix Ustelkeriaren Aurkako fiskalak dio ez duela dimititzeko asmorik
Gainera, bere ustean, ez dago kargutik kentzeko arrazoirik, bere anaiekin batera Panaman sozietate bat duela zabaldu ostean.
agentziak | erredakzioa
Manuel Moix Ustelkeriaren aurkako fiskal nagusiak bart adierazi duenez, ez du dimititzeko asmorik eta, bere ustean, ez dago kargutik kentzeko arrazoirik, bere anaiekin batera gurasoengandik jasotako sozietate bat Panaman duela zabaldu ostean.
Infolibre egunkariak argitaratu duenez, Moix Duchesse Financial Overseas sozietatearen % 25en jabe da. Sozietate hori Panamako paradisu fiskalean sortu zuten 1988an eta 550.000 euroko etxe bat dago horren izenean Collado Villaban (Madril).
Cadena Ser irratian egindako elkarrizketa batean, sozietate horren % 25en jabe izatea bere karguarekin bateraezina ez dela esan du Moixek. Gainera, bere ustean, etikoa da eta, alderdiek azalpenak ematea eskatuz gero, prest dago emateko "inolako zalantzarik gabe".
Era berean, Moixen esanetan, bere aita hil ondoren jakin zuen Panaman sozietate bat ireki zuela; "sozietateen zerga ordaintzean ikusi genuen etxea sozietate batena zela, eta ez gure aitarena. Ondoren, 720 zenbakiko agiriaren arabera egin genuen sozietateen zergaren aitorpena, zegozkigun zergak ordaindu eta dena legeztatu genuen".
Sozietate horrek ez du inoiz jardun, esan du Moixek, gainera, "Panamako sozietate bateko ondasuna jaso baino ez" du egin.
Ustelkeriaren Aurkako fiskalburuaren hitzetan, berak ez du "inoiz" paradisu fiskaletan jardun, eta ez da Panaman egon, ez du inolako jarduerarik egin, ezta inolako eragiketa ere, sozietate horren bidez.
Angels Barceloren galderei erantzunda, baieztatu du ez zuela pentsatzen partaidetza horrek arazorik eragin ziezaiokeela, "legeak agintzen duen moduan jardun eta Ogasuna jakinaren gainean jarri eta zergak ordainduz gero, zein da arazoa?".