Politika -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Ezker abertzalea agerian geratu da isiltasunarekin, PPren arabera
Leopoldo Barreda Legebiltzarreko bozeramaile popularrak eskaria egin dio EAri: ikus dezala "begien aurrean duen errealitatea", ezker abertzaleak kale indarkeria "babesten" duela.
Erredakzioa
Leopoldo Barreda PPren Legebiltzarreko bozeramaileak esan du ezker abertzaleak azken kale erasoei buruz zabaldu zuen agiriarekin "gero eta ageriago" geratzen dela "bere isiltasunarekin eta gertakari horiek gaitzesteko gaitasun ezarekin". Gainera, EAri "begien aurrean duen erralitatea"ri begiratu eta ezker abertzaleak kale indarkeria "babesten" jarraitzen duela ikusteko eskatu dio.
"Ziur gaude betikoaren aurrean gaudela, kale indarkeria berrantolatzen ari dira Batasuna zutarrietako bat den sare baten zuzendaritzapean", azpimarratu du.
Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean Barredak azaldu duenez, ezker abertzaleak atzo zabaldu zuen agirian "ez dago behar lukeena" eta "Batasunak azken 20 urteetan egin duen erretorika hutsala" da dagoena. Gogora ekarri duenez, testuan "ez diete babesa agertzen mehatxupean dauden herritarrei, ez dituzte gertakariak gaitzesten, ez dago aipatu gertakarietan zauritutakoekiko elkartasunik, baina zigortuta dauden ETAko terroristak bai izan dituztela gogoan".
Hori dela eta, Barredak uste du "Batasuna gero eta ageriago geratzen dela bere isiltasunarekin eta gertakari horiek gaitzesteko gaitasun ezarekin". Era berean, "bere obsesio bakarra udal-hauteskundeetan parte hartzea" dela baieztatzen omen du testuak, "baina ez daude ETArengandik aldentzeko prest".
Haren esanetan, kale erasoak ezker abertzalearen estrategia politikotik "kanpo" daudela diotenean, "udal-hauteskundeetan aurkezteko muntaiari kalte egiten diela" esan nahi dute.