Politika -
Kale erasoak
Kontainerrak erre dituzte Gasteizen
Herrizaingo Sailak jakitera eman duenez, sei kaputxadun izan dira bi zaborrontziren kontrako erasoa burutu dutenak.
Erredakzioa
Sei kaputxadunek bi zaborrontzi erre dituzte Gasteizko Zaramaga auzoan, eta erabat kiskalita utzi dituzte.
Herrizaingo Sailak jakinarazi duenez, erasoa 21:40 aldera gertatu da Mendoza kalean eta ondoko beste batean, Zaramaga auzoan bertan.
Bosgarren erasoa astebetean
Azken astean beste lau eraso izan dira Zarautzen (30 zaborrontzi), Azkoitin (12 zaborrontzi), Ondarroan (hainbat zaborrontzi) eta Zallan (Correosen bulego bat erre zuten). Eraso horiek kale indarkeria izan direla adierazi du Ertzaintzak.
Aresek uste du "berpizten" ari dela
Radio Euskadin egindako adierazpenetan, Rodolfo Ares Herrizaingo sailburuak esan duenez, "badirudi kaleko indarkeria berpizteko interesa dagoela eta, beraz, euren burua ezker abertzaleko buruzagitzat jotzen dutenek azken egunotako erasoak gaitzetsi behar dituzte".
Ertzaintzak zainketa lanak indartuko ditu datozen asteetan
Ertzaintzak atzo iragarri zuenez, "datozen asteetan mota horretako erasoak saihesteko eta egileak atxilotzeko zainketa lanak indartuko ditu".