Politika -

Istiluak, mugan

Melillako mugako egoera "muturrekoa" dela jakinarazi du PPk

Bestalde, PSOEk "asaldatzeko, zirikatzeko eta bazterrak nahasteko" asmoa leporatu dio PPri.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Melilla eta Maroko arteko mugaren egoera "muturrekoa" dela ohartarazi die PPk sozialistei; PSOEk, ordea, "asaldatzeko, zirikatzeko eta bazterrak nahasteko" asmoa leporatu die popularrei.

Esteban Gonzalez Pons PPko komunikazio idazkariordea Melillan izan da astearte honetan. Ildo horretan, mugan dagoen tentsio egoera dela eta, "gorabeheraren bat gertatzea" erraza dela adierazi du, eta "hori gertatzen denean istiluak eta gatazka sortzen" direla gaineratu du.

Datorren abuztuaren 23an Rabatera bidaiatu baino lehen Melillara Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoekin hitz egitera joateko eskatu dio Ponsek Alfredo Perez Rubalcaba Barne ministroari. Batez ere, emakume poliziekin hitz egiteko eskatu dio; izan ere, "oso gaizki pasatzen ari dira" ekintzaileen erasok direla eta.

Agintari popularrak utzikeria egotzi dio Gobernuari; izan ere, ministro bat ere ez da Melillara joan oraindik. Hori dela eta, Mariano Rajoyk eskatuta, bera agertu da Melillan.

Bestalde, Antonio Hernando Hiriak eta Udal Politiken idazkariaren hitzetan, Espainiako Gobernua "erantzukizun osoz eta sekulako diplomaziarekin jardun" da Melillako mugan izandako istiluen ostean.

Hori horrela, Melilla eta Maroko arteko mugan asko gaiztotu da giroa. Rabateko Gobernuarekin inolako zerikusirik ez dutela esaten duten ekintzaile marokoarrak ari dira giroa berotzen. Facebook bezalako foroak erabiltzen ari dira protestak bideratzeko. Azpi-azpian dagoena, Ceuta eta Melilla beraientzat eskatzen dituztela.

Kalean protestak eta komerzioari boikota egiten ari dira. Mugan lana egiten duten emakume polizien kontrako kartel iraingarriak atera dituzte, eta orain, merkantziei bidea moztearekin egin dute mehatxu.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea