Politika -
Barne hauteskundeak
Eduardo Santos izango da Nafarroako Ahal Duguren idazkari nagusia
30 boto atera dizkio barne hauteskundeetan Laura Perezi, orain arte idazkari nagusi izandako hautagaiari.
Agentziak | Erredakzioa
Eduardo Santos diputatuak irabazi ditu Nafarroako Ahal Duguren idazkari nagusia aukeratzeko barne hauteskundeak. Orain arte idazkari nagusi izandakoak, Laura Perezek, berriz, kanpo auditoretza eskatu du bozen kontaketa berrikusteko. Izan ere, bi hautagaitzen artean 28 botoko aldea baino ez dela egon argudiatu du.
Santosek adierazi duenez, "barne hauteskundeak amaitu dira eta aurrerantzean elkarrekin lan egin behar dugu". Hori dela eta, prozesuan izandako bi arerioei elkarlana eskaini die. "Hemen ez dago inor soberan, lan handia dugu", adierazi du idazkari nagusi hautatu berriak, Laura Perezi orain arte egindako lana eskertzeko.
Gaur goizean emandako prentsaurrekoan, "Ahal Duguren antolakuntzan sakondu behar" dela berretsi du, alderdi eraginkorragoa lortzeko. "Proiektu bat egin behar da, pertsonak, epeak eta urratsak zeintzuk diren" zehazteko, gaineratu du.
Laura Perezek, bere aldetik, emaitza onartu du, "demokraziaren arauak horrelakoak direlako". Dena den, "Madrilen kontatutako emaitza batek sor litzakeen minberatasunak ekiditeko, kanpoko auditoretza independientea eskatuko dugu, aldea oso eskasa baita".
Zehazteke dago nor izango den Nafarroako Parlamentuko bozeramailea
Hedabideen aurrean egindako agerraldian ez dute argitu Laura Perezek Nafarroako Parlamentuko bozeramailea izaten jarraituko duen ala ez. Eduardo Santosek azaldu duenez, "errespetu falta izango litzateke nire iritzia ematea, oraindik osatu gabe dauden alderdiko organoekin hitz egin gabe".