Politika -
Erasoa
Harriak jaurti dituzte LAB sindikatuak Donostian duen bulego baten aurka
Urdaneta kalean dagoen bulegoaren leihoko kristalak hautsi dituzte. Euskal presoen alde egiten duen lanaren kontrako sabotajea izan dela uste du sindikatuak.
Agentziak | Erredakzioa
LAB sindikatuak Donostian duen bulego baten kontra harriak jaurti dituzte bart. Sindikatuak euskal presoen alde egiten duen lanaren aurkako sabotajea izan dela uste dute.
LABek ohar baten bidez azaldu duenez, Urdaneta kalean dagoen egoitzan egin dute erasoa. Eusko Jaurlaritzak utzitako eraikin horretan gainerako sindikatuen bulegoak ere badaude.
Euskal presoak Euskal Herriratzeko ikurra zuen leihoaren kontra bota dituzte harriak, kristalak hautsita. Goizeko 07:30 inguruan ohartu dira gertatutakoaz, LABeko ordezkari bat eta garbitzaile bat lanera bertaratu direnean.
LABek salaketa jarri du Udaltzaingoan eta, "erasoak eraso", euskal presoen eskubideen alde lanean jarraituko duela azpimarratu du.