Politika -

Kale indarkeria

Zarauzko istiluak 'gutxietsi' izana ezeztatu du Herrizaingo sailak

Rodolfo Aresek zuzendutako sailak Euskadiko Ppko agintariek egindako adierazpenei erantzun nahi izan die. Popularrek euren "harridura" azaldu dute Herrizaingo sailak izandako "jarrera epelagatik".

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zarautzen iragan asteazkenean izandago kale istiluak gutxietsi izana ezeztatu egin du Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailak. Istilu haietan 30 kontainer inguru erre zituzten. Herrizaingo sailak adierazitakoaren arabera, gertatutakoa "bandalismoa eta alkoholaren kontrolik gabeko kontsumoaren ondorioa izan zen" eta bertan “talde erradikalekin lotuta” dauden hainbat pertsonak parte hartu zuten.

Kontainerretako sua itzaltzeko ahaleginen ondorioz, bi ertzainek zauri arinak izan zituzten. Gainera, istiluetan parte hartu zuten bi pertsona identifikatu zituzten.

Egun horretan bertan, Ertzaintzak gertatukoa ikertzen ari zela jakinarazi zuen. Helburua, istilu horiek kale indarkeriarekin lotuta zeuden ala, bestela, jaietako bandalismoa bakarrik ote zen argitzea zen.

Hurrengo egunean, ostegunean, arratsaldez, Herrizaingo sailak Zarautzen gertatutakoa "kale indarkeria" zela baieztatu zuen, baina aurretik prestatu gabeko ekintza izan zela azpimarratu zuten.

Herrizaingo sailaren jokaerak, ala ere, hainbat kritika jaso ditu azken orduetan.

Gaur ateratako idatzian, Herrizaingo sailak gertakizunen "larritasuna" azpimarratzen du eta “agente politiko, sozial eta hedabideei horren inguruan balorazioak egiteko orduan, informazioak egiaztatu ditzatela” eskatu die "gertatutakoa nahastu eta manipulatu" ez dezaten.

Euskadiko PPrentzat jarrera "epela" izan zuten

Leopoldo Barreda Euskadiko PPko bozeramaleak Herrizaingo sailak erreakzio "epela" izan zuela esan du gaur, eta horren zergatia, bere hitzetan, "gertatutakoaren ardura gainetik kentzeko" asmoaren isla baino ez da. Barredaren ustez, Ertzaintzak agente "gutxi" izan zituen Zarautzen eta hori ezkutatu nahi dute.

Barreda "harrituta" agertu da, izan ere, bere ustez, Herrizaingo sailaren erreakzioa izan da guztien artean "epelena eta Zarautzen gertatutakoa gehien gutxietsi duena".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea