Politika -
Eusko Jaurlaritzaren erantzuna
Fernandez: 'Helegitea aitzakietan oinarritu dute, ez argudio juridikoetan'
Gainera, Bake eta Bizikidetzarako idazkariak ukatu du Poliziaren biktimen legeak eratuko lukeen Balioespen Batzordeak epaileen edo auzitegien eskumenak urratuko lituzkeela.
agentziak | erredakzioa
Jonan Fernandez Eusko Jaurlaritzako Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiaren arabera, Espainiako Gobernuak poliziaren gehiegikeriek utzitako biktimak aitortzeko euskal legeari jarritako helegitea "aitzakietan eraikita dago, argudio juridikoetan baino".
Fernandezek agerraldia eskaini du Donostian Espainiako Gobernuak errekurtsoa aurkeztu eta bi egunera, Jaurlaritzaren balorazioa jakinarazteko.
Poliziaren gehiegikerien biktimei erreparazio laguntzak emateaz arduratuko litzatekeen Balioespen Batzordeak sortu du desadostasun gehien. Espainiako Gobernuaren ustez, batzorde horrek epaile eta epaitegien eskuduntzak izango lituzke bere gain, eta hori Konstituzioaren kontrakoa da. Jaurlaritzaren iritzian, ordea, batzordearen "atribuzioak administrazio-esparru batean kokatzen dira, ez ordea esparru penalean". Hala, legeak espresuki baztertu du aukera hori, eta ez du eskuduntzarik urratzen.
Fernandezek aitortu du oraindik ez dutela helegitearen edukia sakon aztertzeko aukerarik izan, baina orain artekoa aintzat hartuta, uste dute helegitea "aitzakietan" oinarritu dutela, eta ez argudio juridikoetan "Esaten ez duena esanarazten dio Legeari, jarraian, Konstituzioaren aurkakoa dela esateko", salatu du Fernandezek.
Legeak Balioespen Batzordeari esleitutako atribuzioak "administrazio esparrukoak" direla zehaztu du Bake eta Bizitzarako idazkari nagusiak. Hortaz, ez ditu epaileen eta epaitegien eskuduntzak urratzen. Fernandezen esanetan, "Balioespen Batzordeak erabaki behar du, objektiboki eta arrazoituta, ordaina eskatzen duen pertsona batek betetzen ote dituen Legeak berak biktimatzat aitortua izateko ezartzen dituen zenbait baldintza".
Jaurlaritza, "irmo"
Biktimoi emandako erreparazioa "zigor arloak ezarritakoa gorabehera, administratiboa" dela argitu du Fernandezek; hala ez balitz, "ehunka" pertsona aitortza barik geratuko liratekeelako "epai irmoa izan arte".
Fernandezek azaldu duenez, legearen bost artikuluri eta xedapen osagarri bati eragiten dieten 10 klausula eten ditu helegiteak. Hori horrela, agindu du Eusko Jaurlaritzak "irmo" jarraituko du lanean geldiarazita ez dagoen esparru guztietan legea garatzen.
Halaber, iragarri du Jaurlaritzak legearen "segurtasun juridikoa eta konstituzionaltasuna" defendatuko duela Auzitegi Konstituzionalaren aurrean, eta biktimak "zuzenean eta gardentasun osoz" informatuko dituztela.
Fernandezek aurreratu duenez, Euskadin eta zein nazioartean, giza eskubideen eta biktimen alde lanean ari diren instituzio, erakunde eta elkarteekin harremanetan jarriko da Jaurlaritza, babesa lortu aldera.
"Ziur naiz euskal gizarteak biktimak guztiak aitortzeko bidea topatuko duela", iragarri du Bake eta Bizikidetzarako idazkari nagusiak.
'Bide luzeko lasterketa'
Fernandezen hitzetan, "giza eskubideen urraketak jasan dituzten biktimen errekonozimenduaren kausa bide luzeko lasterketa bat da", eta oraingoz, "bide onetik" doa, helegitea "albiste txarra" izan dela onartu badu ere.
Ingurumari horretan, Jaurlaritzak ez du zalantzarik nazioarteko eragileek eta instituzioek helegitea gaitzetsiko dutela, eta horrekin "berme garrantzitsu" bat lortuko duela legeak.
Hori horrela, Eusko Jaurlaritzak lanean jarraituko du biktima guztien errekonozimendu hori legeetan ere islatu dadin. Fernandezen aburuz, bide horretan lagun izango dute "euskal gizartea, bertako eragileak eta giza eskubideen nazioarteko instituzio eta erakundeak".