Politika -
Erasoa EAJ-ren egoitzan
Erkorekak Sorturi: 'Ez da onargarria intolerantzia gutxiestea'
Jaurlaritzaren bozeramaileak ez du uste EAJk 'esajeratu' duenik atzo Ernaik egindako erasoaren aurrean, eta gaitzespen 'argi eta nabarmena' eskatu dio Sorturi.
Agentziak | Erredakzioa
Ernaiko gazteek EAJren Donostiako egoitzan egindako erasoak soka luzea ekarri du, eta aurrez aurre ipini ditu Sortu eta EAJ. Horretaz galdetuta, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du ez duela uste jeltzaleak "esajeratzen" ari direnik, eta Sorturi gaitzespen "argi eta nabarmena" eskatu dio. Izan ere, horren iritzian, "ez da onargarria intolerantzia eta indarkeria gutxiestea".
Josu Erkorekak Arkaitz Rodriguez Sortuko bozeramaileak goizean Radio Euskadin esandakoari erantzun dio. Haren esanetan, "neurriz kanpokoa" da pintaketa batzuei eta zaborra jaurtitzeari "atentatu baten maila" ematea.
Aurpegia estalita zeramaten Ernaiko zazpi kidek zaborra jaurti zuten astelehen arratsaldean EAJren Donostiako egoitzan. Gainera, "mafiosoak" eta beste hainbat irain dituen pankarta bat jarri zuten.
Gobernu bileraren osteko prentsaurrekoan Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak adierazi duenez, "gaur egungo testuinguruan tokirik ez duten halako erasoak erabat gaitzetsi behar dira, iraganekoak direlako eta euskal herritarrek garai hori gainditu nahi dutelako".
Halako ekintzek erakundeen "gaitzespen irmoa" behar dutela azpimarratu du. Gaineratu duenez, "ona litzateke alderdi politiko guztiek, aringarririk gabe gaitzestea. Hortaz, argi geldituko litzateke intolerantzia adierazpenek ez dutela tokirik eta guztiek gizarte eta elkarbizitza eredu bera partekatzen dutela".
"Intolerantzia keinuak eta indarkeria adierazpenak minimizatzea ez da onargarria. Gure ustez besteek esajeratzen dutenaren arabera jokatuko bagenu, elkarbizitzak muga oso arraroak izango lituzke", gaineratu du.
Hori dela eta, EAJk halako ekintzak salatzea ez dela esajeratua eta gaitzespenak "argia eta nabarmena" izan behar duela nabarmendu du. Ildo horretan, Sorturi gaitzespen "argi eta nabarmena" eskatu dio.