Politika -
Podemos Nafarroaren biltzarra
Alderdia 'birpentsatzea' eskatu die Podemoseko oinarriei Laura Perezek
Aldi berean, lortutako eserlekuak 'gizartea eraldatzeko bitarteko gisa' erabili behar direla aldarrikatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Laura Perez Podemos Nafarroako idazkari nagusiak erakundea birpentsatzeko deia egin die alderdiko oinarriei, "kolektiboa, feminista, batua, indartsua eta baketsua" izango den Podemos lortzeko asmoz, eta erakundeetan lortutako postuak "gizartea eraldatzeko bitarteko gisa" erabiliko dituena, eta ez helburu gisa.
Hala adierazi du Iruñeko San Jose plazan egin den biltzar irekian egin duen agerraldian. Biltzarra bertan egitearekin, alderdiaren sorreran izandako kontzeptu parte-hartzailea eta eztabaida kolektiboa berreskuratu nahi izan dute.
Gogoratu duenez, plaza horretan bertan egindako biltzar batean erabaki zuten Uxue Barkosen Gobernua babestea, bertako kide izan gabe. "Babes arduratsua eta zorrotza", akordio programatikoa bete dadila bultzatzeko.
Bestalde, Perezen aburuz, "Podemosek bere buruaz gogoeta berri bat egin behar du", organo politikoetatik haratago doazen eta laster izango diren hauteskundeen aurrean. Alderdiak bere filosofiari eutsi behar diola defendatu du, zeinaren arabera "botereak ez gaituen helburu gisa erakartzen, baizik eta gizartea eraldatzeko bitarteko gisa".
"Nafarroako hurrengo Gobernua zuzendu nahi dugu, izandako aurrerapausoak gorabehera, gehiago nahi baitugu", erantsi du.
Horretarako, Podemos "kolektiboa" lortu behar dutela nabarmendu du, "demokrazia behetik gora jorratzen dakiena". "Podemos feminista, batua, indartsua eta baketsua, bere barne eztabaidak borroka bihurtuko ez dituena", ohartarazi.
Azkenik, ez du argitu karguan errepikatzeko bere hautagaitza aurkeztuko ote duen; izan ere, alderdiak Nafarroan duen zuzendaritza berritzeko prozesua laster abiatuko eta hautagaitzak aurkezteko epea maiatzaren 2an bukatuko da.