Politika -
Hauteskunde kanpaina
Bost lagun zauritu dira Baionan, FNren mitin baten osteko istiluetan
Marion Marechal Le Pen Fronte Nazionaleko kideak mitina eskaini du, eta ehunka lagun bildu dira protesta egiteko. Polizia manifestarien aurka oldartu da.
EITB.EUS
Istiluak izan dira bart Baionan Fronte Nazionaleko ekitaldiaren ostean. Ehunka pertsona batu dira Marion Marechal Le Pen ultraeskuineko alderdiaren kideak Lapurdiko hiriburuan eman beharreko hitzaldiaren aurrean protesta egiteko. Poliziak gomazko pilotak jaurti ditu manifestariak sakabanatzeko, eta, gutxienez, bost pertsona zauritu dira.
Asteartearekin hasi da Frantziako hauteskunde kanpaina, eta Marion Marechal Le Penek, Marine Le Penen ilobak, mitina eskaini du bart Baionan, Laugako kiroldegian. Hitzaldian, ultraeskuinaren ohiko mezuak izan ditu ahoan Marechalek. Hala, langile frantziarrek etorkinen aurrean "lehentasuna" dutela defendatu du, eta mugako herrietan, Baionan kasu, Frantziako produktuak bereziki zaindu behar direla. Protekzionismoa aldarrikatu du, horrenbestez, Le Penen ilobak.
Kiroldegiaren kanpoaldean, ehunka lagun bildu dira protesta egiteko. Istiluak elkarretaratzea amaitutzat eman dutenean hasi dira, ordura arte tentsio une ugari izan badira ere. Manifestariek objektuak jaurti dituzte, eta poliziak gomazko pilotak jaurtiz erantzun die. Bost lagun zauritu dira.