Politika -
Bilera
Nafarroako Parlamentuak ETAren desegitea eskatu du, adostasunik gabe
Bozeramaileen Batzarrak ez du adostasunik lortu ETAren armagabetzearen inguruko jarreraren inguruan.
Agentziak | Erredakzioa
Nafarroako Parlamentuko Bozeramaileen Batzordeak ETA baldintzarik gabe desegitea eskatu du. Horrez gain, biktimei barkamena eskatzea eta argitu gabeko hilketak argitzen laguntzea eskatu dio ETAri.
Dena den, ordezkariek ez dute erabateko adostasunik lortu larunbatean Baionan egindako armagabetzearen inguruko jarrera erabakitzeko. PPNk hiru gai proposatu ditu adierazpen instituzional batean: horietatik bi onartu eta bestea atzera bota dute.
Lehenik eta behin, ETAk egindako hilketak, bahiketak eta mehatxuak kondenatu ditu Nafarroako Parlamentuak. Alderdi guztiek alde bozkatu dute, EH Bilduk izan ezik.
Ondoren, "baldintzarik gabe desegin dadila" eskatu diote ETAri, "egindako mina onartu, biktimei barkamena eskatu eta argitu gabe dauden hilketak argitzen laguntzeaz gain". UPNk, PSNk eta PPNk onartu dute proposamena; EH Bildu, Geroa Bai, Podemos eta I-E, berriz, abstenitu egin dira.
Azkenik, PPNk hezkuntza programan ETAk eragindako "mina" erakusteko irakasgaia txertatzea proposatu du. UPN, PSN eta PPN alderdiek baiezkoa eman dute; gainerakoek, ordea, ezezkoa.
EH Bilduk zuzenketa aurkeztu dio adierazpenari. Izan ere, bestelako testua gehitu nahi zuen, "helburu politikoak dituen indarkeria" baztertzeko, eta "biktima guztiak, salbuespenik gabe, onartzeko". PPNk ez duenez zuzenketa onartu, ez dute bozkatu ahal izan. Jarraian, EH Bilduk presazko zuzenketa aurkeztea eskatu duen arren, UPNk atzera bota du (guztien adostasuna beharrezkoa zen bozkatu ahal izateko).