Politika -

Erreakzio politikoak

ETA laster desegitea espero dute euskal alderdiek

EAJ, Elkarrekin Podemos eta PP alderdietako legebiltzarkideek adierazi dutenez, ETAk eman beharko lukeen hurrengo urratsa desegitea izango litzateke.

EAJak zuhurtzia eskatzen du ETAren amaiera arriskuan ez jartzeko

1:20

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

ETAk dagoeneko "erakunde armagabea" dela iragarri ostean, Eusko Legebiltzarra osatzen duten alderdien erreakzioak etorri dira.

Hartara, Iñigo iturrate EAJko legebiltzarkidearen arabera, bere alderdiak ez du ETAren armagabetzea "arriskuan jar dezakeen ezer egingo". Horren aburuz, armak ematearen ostean, "jarraian, eta era azkarrean, erakundearen behin betiko desegitea etorri behar da".

Legebiltzarreko korridoreetan hedabideen aurrean egindako adierazpenetan, Iturratek "zuhurtzia"ren aldeko deia egin du, behin ETAren komunikatua ezagututa. "Euskal jendarteak duela bost urte eta erditik itxaroten zuen une baten aurrean gaude", gogoratu du.

Bere aldetik, Lander Martinez Elkarrekin Podemosek Legebiltzarrean duen bozeramailearen esanetan, ETA "nahiko nahasita" dagoen erakundea da, eta "baldintzarik gabe desegitea" besterik ez da falta.

Aldi berean, Martinezek esan du Podemos Euskadi larunbat honetan Baionan egingo den ekitaldian izango dela Endeka Larrea buru dutela. Ohartarazi duenez, "erne" egongo dira biharko eguna "ospakizun eguna edota ETAri zerbait eskertzeko eguna izan ez dadin".

Halaber, Laura Garrido Euskadiko Alderdi Popularraren bozeramaileak esan du Segurtasun Indarrei eta Poliziari dagokiela orain ETAren armagabetzea egiaztatzea. Horren iritziz, behin hori eginda, ETAren hurrengo urratsa "baldintzarik gabe desegitea" izango da.

Baionako ekitaldiari dagokionez, Garridok "zuhurtzia" eskatu du; izan ere, "zalantzak daude armagabetzea nola gauzatuko den, non dauden armategiak eta zein egoeratan dauden armak".

Horri buruz, gogorarazi du ezin daitezkeela arma horiek "suntsitu edota manipulatu, argitu gabe dauden hainbat atentatu argitzeko balio baitezakete".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Euzko Alderdi Jeltzalea ETA albisteak Euskadiko PP Gaurko azken orduko albistea Euskadiko Podemos-eko albisteak Bakea Euskadin