Politika -
Asteazken honetan
Gehiengo politiko eta sindikalak armagabetzea babestuko du
Ortuzar eta Otegi buru dituztela, sindikatuetako eta ia alderdi guztietako ordezkariek (PP eta UPN salbu) agiria irakurriko dute Bilbon.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Alderdi guztietako kideek, PP eta UPNkoak izan ezik, Andoni Ortuzar eta Arnaldo Otegi buru dituztela, ETAren armagabetzea babestuko dute asteazken honetan (11:00). Manifestu bateratu bat irakurriko dute, eta lau euskal sindikatuek ere babestuko dute.
Testua asteazken honetan irakurriko dute, Bilbon, Abando hotelean, eta EAJ, EH Bildu, PSE, Podemos Euskadi, Geroa Bai, Podemos Nafarroa, Ezker Anitza, Izquierda-Ezkerra, ELA, LAB, CCOO eta UGT alderdi eta sindikatuetako ordezkariak izango dira ekitaldian, euren babesa erakusten.
Besteak beste, hauek izango dira bertan: EAJko presidentea, Andoni Ortuzar; EH Bilduko bozeramailea, Arnaldo Otegi; PSE-EEko Herritarren eta Askatasun publikoen idazkaria, Rafaela Romero; Podemos Euskadiko idazkari nagusia, Nagua Alba; Nafarroakoa, Laura Perez; Ezker Anitzako bozeramailea, Isabel Salud; eta Geroa Baiko ordezkaria, Koldo Martinez.
ELAko idazkari nagusi Adolfo Muñoz ere izango da ekitaldian, eta baita LABeko idazkari nagusia, Ainhoa Etxaide, CCOOko zuzendaritzako Xanti Martinez Perez eta UGTko Zerbitzu Publikoen arduradun Arantza Agote ere.
PP: 'Ez gaituzte gonbidatu'
EAEko PPren iritzian, "itxurak egiteko" ekitaldia izango da gaurkoa. 'Popularren' iturriek Europa Press albiste agentziari esan diotenez, ez dakite nork egin duen deialdia, eta salatu dute ez dituztela ez gonbidatu, ezta bertan irakurriko duten agiria helarazi ere.
"Batzuk Baionara joango ez direnez, euren ekitaldiak aldez aurretik egin nahi dituztela ematen du. Itxurak egiteko ekitaldi bat da, eta ez du zentzurik PSE eta EAJ, esate baterako, hor egotea", nabarmendu dute.