Politika -

Urteurrena

Zapatero, hamar urte PSOEren buruzagitzan

2000 urteko uztailaren 22an, Jose Luis Rodriguez Zapatero PSOEko idazkari nagusi izendatu zuten, ezustean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Jose Luis Rodriguez Zapaterok hamar urte betetzen ditu gaur PSOEren buruzagitzan. Lehen urteetan, PPri oposizio eraikitzailea egin zion, ondoren Gobernura iritsi zen eta politika sozial ugari abiatu zituen, baina orain haren ospea une txarrena pasatzen ari da, krisian egindako kudeaketa dela eta.

2000ko uztailaren 22an, ezustean, PSOEko idazkari nagusi izendatu zuten, sozialistak azken hamardaketako barne krisi larrienean murgilduta zeudela.

Zapaterok PSOEren sustraiak goratu zituen, eta alderdia "dinamikoa eta modernoa" izan behar zela defendatu zuen.

Espainiako sozialismoaren "familia" eta sektore guztiak aurka zituen, baina halere aurre egin zien guztiei, freskotasun irudia ematen saiatzen.

Jose Blanco haren "bigarrena"rekin batera, hainbat sozialista historikorekin lehiatu zen, Jose Bonorekin, Rosa Diezekin eta Matilde Fernandezekin hain zuzen ere, eta irabazi egin zuen barne bozketa, Gaztela-Mantxako presidenteari bederatzi botoko aldea aterata.

Zapaterok goitik behera berritu zuen alderdiaren zuzendaritza; buruzagi berrien batez besteko adina 40 urtekoa zen, eta sektore tradizionalak (Alfonso Guerraren aldekoak, erreformistak...) ez zeuden ordezkatuta.

Politikaren munduan lasai egin zuen barrena. "Talantea" zen haren politika eredua, eta PPri oposizio erakitzailea egin nahi izan zion. Ondorioz, Jose Maria Aznarren Gobernuak eta PSOEk bi akordio garrantzitsu lortu zituzten: Terrorismoaren aurkako Ituna eta Justiziaren Ituna.

Dena dela, enfrentamenduak ere izan zituzten, Prestige petrolio-ontzia hondoratu zenean, kasu.

Zapateroren lehen polemiketako bat 2003ko urriaren 12an izan zen, Hispanitatearen Eguneko desfilean ez baitzen zutik jarri AEBetako bandera haren alboan pasatu zenetik. Irakeko gerraren aurka protesta egiteko egin zuen.

2004ko hauteskunde orokorrak M-11ko atentatuek baldintzatuta egon ziren. Egun batzuk falta zirenean inkestek gehiengo osoa ematen zioten PPri, baina atentatuen ostean izan zen polemikaren ondorioz (egilea ETA zela zioen behin eta berriro PPk), sozialistek irabazi zuten, bost puntuko aldeaz.

Gobernura heldu bezain laster, Zapaterok bueltan ekarri zituen Iraken zeuden soldadu espainiarrak, hauteskunde kanpainian promestu bezala.

Orduan, alderdia Jose Blancoren esku utzi zuen, Antolakuntza idazkaria baitzen.

Zapaterok jaso zuen alderdia eta gaur egungoa ez dira batere berdinak, gobernuburuak eta Blancok euren neurrira moldatu baitute.

Hamar urte beranduago, Felipe Gonzalezen garaiko ohiko "baroiek erretiroa hartu" dute, eta Zapaterok PSOEren zuzendaritzan jarritako beste batzuek, besteak beste, Jesus Calderak eta Juan Fernando Lopez Aguilarrek, bigarren mailako zereginak dituzte orain.

Lehen legealdia oparoaldi testuinguruan murgilduta eman zuen Zapaterok eta gizarte-politika garatu zuen, besteak beste, homosexualen ezkontzen, berdintasun, indarkeriaren aurkako eta dependentzia legeen onarpenarekin.

Era berean, lehen lau urteak terrorismoagatik markatuak egon ziren; 2006ko martxoan ETAk su-eten iraunkorra iragarri zuen eta bake prozesuari bide eman zion, baina 2007ko urtarrilean Gobernuak "apurtutzat eta amaitutzat" jo zuen prozesua, Barajas aireportuko T-4ko atentatuen ostean.

Autonomia estatutuei ere erreformatzeko bultzada eman zien; bertan, Kataluniako estatuta adierazle nagusia izan zen. Azken hamar urte hauetan sozialistek beste amets bat betetzea lortu dute: Euskadin agintzea.

Aurreko hauteskunde-kanpainaren leloa "Con Z de Zapatero" izan zen; kanpaina "ausarta" egin zuten legealdian Gobernuak lortutako lorpenak azaltzeko.

2000ko uztaileko lehen egun bero horretatik hamar urte igaro dira eta PSOEko zenbaitek aldaketa nahi dutela iragarri dute lotsaz.

PSOEk Zapateroren urteurrena ospatuko du gaur Ferazen egingo den ekitaldi batean, eta bertan, bere aginte talde guztiak bilduko dira, bere ibilbidea aldarrikatzeko.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea