Politika -

Autogobernu lantaldea

2018ko urrirako estatus berriaren testua amaitu nahi du Legebiltzarrak

Autogobernu lantaldeak legegintzaldiko lehen bilera egin du, lan egutegia zehazteko asmoz.

Autogobernu lantaldea. Artxiboko argazkia: EiTB
Autogobernuaren ponentziak egutegia onartu du

1:29

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldeak legegintzaldiko lehen bilera egin du gaur goizean, lan egutegia zehazteko. Gaur finkatutako egutegiaren arabera, 2018ko urrirako estatus politiko berriari buruzko testua idatzita izan nahi dute alderdi politikoek.

Hamabost egunetik behin egingo dituzte bilerak eta uda bitartean EH Bilduk, Elkarrekin Podemosek eta PSE-EEk eskatutako agerraldiak izango dira. EAJk eta PPk ez dute agerraldirik eskatu.

Lantaldeak irailean bigarren fasea hasteko helburua du eta irailetik aurrera "benetako lan politikoari" ekingo diote.

Denbora horretan autogobernuaren eguneratzeko "oinarriak eta printzipioak" ezarri eta 2018ko udazkena baino lehen testua prest izatea da helburua, Joseba Egibar EAJk Eusko Legebiltzarrean duen bozeramaileak adierazi duenez.

Maddalen Iriarte EH Bilduko bozeramailearen esanetan, datorren urteko urrian estatus politiko berriaren testuaz galdeketa gaitzailea egitea proposatu du koalizioak, "Estatuarekin ezer negoziatu aurretik". Hala ere, ez du baztertu galdeketa hori aurreragorako utzi behar izatea.

Elkarrekin Podemosek erabakitzeko eskubidearekiko duen errespetua berretsi du Lander Martinez koalizioko kideak.

Jose Antonio Pastor sozialista EAJk eta PSE-EEk sinatutako gobernu akordioari lotu zaio. Horren arabera, autogobernuaren eguneratzea edo estatus politiko berriaren osaketa "gaur egungo ordenamendu juridikoa errespetatuz egingo da".

Borja Semperren (PP) esanetan, Euskadik ez du behar Estatutua eguneratzea edo berri bat egitea. Hala ere, proposamen "zehatzak" ezagutzeko gogoa erakutsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Politika PNV-EAJ Eusko Jaurlaritza berriak Eusko Legebiltzarra bideoak Euskal Autonomia Erkidegoa albisteak Alderdi politikoak EH Bildu Araba Euskal sozialistak Euskadiko PP berriak Gaurko azken ordukoa Euskadiko Podemos-eko albisteak