Politika -

Espainian erbesteratuak

Gobernuak 'engainatu ' egin dituela uste dute Kubako disidenteek

Europako zenbait Estatuk Kubarekiko "jarrera amankomuna" aldatzeko azaldu duten borondatearekin "ez dira bat etorri" komunikatu batean.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Gobernu zentralak "engainatu" egin dituela uste dute Espainiara erbesteratutako 11 disidente kubatarrek, Habanatik atera baino lehen hartutako konpromisoak bete ez dituelako, besteak beste, aholkularitza juridikoa ematea, eta etxebizitzak alokatzeko eta bizitzeko laguntza ekonomikoak jasotzea.

Horrela azaldu du Julio Cesar Galvez preso ohi kubatarrak Welcome ostatuan, Madrilen, emandako prentsaurrekoan. Ostatua Vallecas auzoko industrialdean dago eta iragan asteartean heldu zirenetik bertan dira disidenteak.

Ricardo Gonzalez Alfonso beste preso ohi batek lagunduta, Galvezek komunikatu bat irakurri du. Europako zenbait Estatuk Kubarekiko "jarrera amankomuna" aldatzeko azaldu duten borondatearekin "ez dira bat etortzen, Kubako Gobernuak demokraziarantz aurrerapausoak emateko erabakirik hartu ez" duela uste dutelako.

Konpromisoak bete gabe

Espainiako Enbaxadako funtzionarien aurrean agiriak sinatu zituzten disidenteek hegazkinera igo baino lehen. Bertan konpromiso batzuk hartu zituen Gobernu zentralak eta ez ditu bete, Kubako preso ohien ahotan, "engainatu egin gaituelako". Exekutiboak agindutako laguntzak "orain arte Espainiako Gurutze Gorriak soilik" eskaini dizkie, disidenteen hitzetan.

Aholkularitza legala jasotzeari utzi diotela salatu du Galvezek. Etxebizitza bat alokatzeko laguntzarik jaso ez dutela erantsi du, ondorioz, ostatu batean dira. Era berean, haurrek eta "osasun arazo serioak" dituzten pertsonek komun bera erabiltzen dutela salatu dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea