Politika -

DONOSTIAN ETA BILBON

Biktimen omenezko 62 plaka jarri ditu Covitek Donostian eta Bilbon

58 jarri dituzte Bilbon eta 14 Donostian, gauean. Bi udalek plakak kenduko dituzte, 'udal araudia' hausten dutelako, eta Covitek ohartarazi du berriz jarriko dituela.

Donostian jarritako plaketako bat. Argazkia: EITB
Donostian jarritako plaketako bat. Argazkia: EITB
Donostian jarritako plaketako bat. Argazkia: EITB

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Biktimen omenezko 62 plaka "klandestino" jarri ditu, bart, Covite Terrorismoaren Biktimen Elkarteak Donostiako eta Bilboko kaleetan. Biktimak hil zituzten tokietan jarri dituzte oroimen plakak.

'Biktima bat, plaka bat' ekimenarekin, Bilboko eta Donostiako udalek hartutako jarrera salatu du Covitek, "biktimak oroitzeko hartutako konpromisoa ez dutelako bete", elkarte horren hitzetan.

Zehazki, 48 plaka jarri dituzte Bilbon bertan indarkeriaren ondorioz eraildako 62 lagunen omenez. Gogoratutako biktimen artean 58 dira ETAk hildakoak, 3 Triple AAAk eta beste bat GALek hildakoa. Donostian, berriz, 14 jarri dituzte.

COVITE KARTELAK BILBO EITB

(Bilbon hasi dira plakak kentzen. EITB)

''Abenduan Covitek Bilboko Udalari eskatu zion 2014an Ibon Aresok hartutako konpromisoa betetzea. Hala ere, Juan Mari Aburto alkateak horiek jartzea ekidin du eta abenduan bertan Coviteri ohartarazi zion kenduko zituela elkarteak jarriko balitu'', azaldu du Covitek.

Plakak kentzea agindu dute

Juan Mari Aburto Bilboko alkateak, bestalde, ''ilegalki'' jarritako plakak kentzea agindu du larunbat goizean, Udalak ohar baten bidez jakitera eman duenez. Udalaren hitzetan ''araudia urratuz eta modu probokatzailean'' jarri dituzte plakak. ''Jarrera hau onartezina da. Atzo gizarte osoak biktimei omenaldia egiteko eta etorkizunean modu baketsuan aurrera egitekoa asmoa agertu zuen; horren ostean bart bizitako jarrera probokatzaileak soberan daude'', gaineratu du Aburtok.

Donostiako Udalak ere jakinarazi du plakak kenduko dituela, udal araudia ''urratzen dutelako''. Horren harian, udaleko iturriek jakinarazi dute plakak ''baimenik gabe''jarri dituztela eta, ondorioz, ''espazio publikoetako udal araudia '' aplikatuko dutela. Eneko Goia Donostiako alkatearen hitzetan, ''hau ez dela bidea''  eta jarrera horrek ''ez du bat egiten hildakoen familia askoren nahiarekin ere, alde bakarreko jarrera delako, beste aukerarik onartzen ez duena'', iturri horiek gaineratu dutenez. Alkateak azpimarratu duenez, memoria eta adiskidetasun lantzeko ''bidea'' atzo Gasteizen markatutakoa da, bertan ''batasuna'' islatuta.

Covitek, bestalde, Aburtori ohartarazi dio plakak kentzen badituzte berriz ere jarriko dituztela. ''Bere erabakiak emandako hitza urratzen du eta duintasunaren kontra doa'', esan du elkarteak Twitter bidez.

Goizaldean

Bilbon gauerdian hasi dira plakak jartzen eta 05:30ean bukatu dute, istilurik gabe. Besteak beste, Iñigo Pascual Anegl Pascualen semeak aitaren omenezko plaka jarri du, Cociteko iturriek jakitera eman dutenez.

Donostian, bestalde, 01:00etan hasi eta 02:30ean bukatu dute. Besteak beste Gregorio Ordoñezen semeak hartu du parte. Guztira 14 plaka jarri dituzte, ETAk egindako 24 hilketaren tokietan.

2015ean jada Covitek hainbat plaka jarri zituen Donostian, eta ''salbuespen gutxi batzuk kenduta'', hainbat ordu edo egunez egon ziren ikusgai.

Covitek azaldu duenez, Donostiako kolektiboko familien babesa izan dute eta horien baimenarekin jarri dituzte plakak.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilboko Udala albisteak Donostiako Udala albisteak Politika albisteak Bilbo Donostiako informazioa Eguneko albisteak Gaurko azken orduko albistea