Politika -

Bileran Iruñean

EAk, Batasunak eta Aralarrek harremanetan jarraituko dute

Gaur, Iruñean egin duten bileran, EAren eta ezker abertzalearen arteko akordioaren txostena eta Aralarren proposamenak aztertu dituzte.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Alkartasunaren eta ezker abertzalearen ordezkaritza bat Aralarren ordezkari batzuekin bildu da gaur, Iruñean. Lehen alderdiak adierazi duenez, bilera horretan "etengabeko harremana" izateko bideak irekita izatea erabaki dute.

Batzarrean EAk eta ezker abertzaleak adostutako dokumentua eta Aralarrek egindako proposamenak izan dituzte aztergai.

Patxi Zabaleta Aralarreko koordinatzaile nagusiak joan den astean aurreratu zuen bilera horretan bere alderdiak beste bien artean adostutako "bateratze akordioa" kritikatuko zuela, izan ere, Zabaletaren ustez "hutsune handiak ditu".

Gaurko bilera EAk eta ezker abertzaleak Aralarri akordio honekin bat egiteko gonbidapena luzatu ostean iritsi da. "Bide demokratikoak, zibilak eta baketsuak erabiliz, Euskal Herriak behar duen aldaketa politikoa lortzeko, independentziaren alde gune aurrerakoi bat sortzeko prest dauden alderdi guztiei" egiten diete ekimenaren sustatzaileek gonbidapen hori.

Bilera "elkarrenganako errespetuko giroan garatu da", iturri berdinek adierazi dutenez, eta hiru indar abertzaletako ordezkariek "era baikorrean baloratu dute".

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea