Politika -
Dispertsioa
Adingabeen eskubideak berma daitezen eskatu du Etxeratek
Maite dituzten senideei bisita egin ahal izateko familia askok ehunka kilometro egin behar dituztela salatu du elkarteak. Arrazoi horregatik, espetxe politika horrekin amaitzeko eskatu du.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal presoen seme-alaben eskubideak berma daitezen eskatu du Etxerat elkarteak Eusko Legebiltzarrean. Ildo horretatik, familia ingurumenari eragiten dion sufrimenduarekin amaitzeko laguntza eskatu diete Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoei. Etxeratek azaldu duenez, “astebururo familia askok ehunka kilometro egin behar dituzte maite dituzten senideei bisita egiteko”. Halaber, errepideetan bizitza, osasuna eta ekonomia arriskuan jartzen dutela azpimarratu dute.
Asteazken honetan, euskal presoen senide batzuk beraien lekukotasuna eman dute Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubide eta Berdintasun Batzordean. Bertan, espetxe politika horrek adingabeengan duen eragina azaldu dute.
Patrizia Velez Etxerat elkarteko bozeramaileak esan duenez, dispertsioaren eta adingabeen artean distantzia handia egon beharko litzateke. Dena dela, gertuko senide bat ikusi ahal izateko haur askok astebururo ehunka kilometro egin behar dituztela nabarmendu du. “30 urtez luzatzen ari den espetxe politika honekin bukatu beharra dago”, deitoratu du Velezek.
Espetxe politika horrek ehunka trafiko-istripu eragin dituela azaldu du, eta errepideetan 16 pertsona hil direla azpimarratu du. Patrizia Velezen esanetan, “duela bost urte eskenatoki ezberdin bat ireki zen Euskal Herrian, baina euskal presoen senide eta lagunontzat ez da aldaketarik egon”.
Arrazoi horregatik, Etxerat elkarteko bozeramaileak dispertsioarekin amaitzeko eskatu du. “Haur batentzat guztiz desberdina da astero bi ordu eman senideari bisita bat egiteko, edo bi eguneko odisea bat bizi”, ziurtatu du. Halaber, gaur egun 343 euskal preso daudela esan du, eta, horietatik, soilik bi euskal espetxeetan daude.
Velezekin batera, Olatz Iglesias eta Maider Viso izan dira Eusko Legebiltzarrean, eta, bertan, beraien lekukotasunen berri eman dute. Olatzek hamar hilabete zituenetik pairatu du dispertsioa. Bere ama Frantzian espetxeratu zuten, eta, lau urte geroago, bere aita sartu zuten kartzelan.