Politika -

Auzitegi Nazionalean

Hasi da Udalbiltzaren aurkako epaiketa

Guztira 22 pertsona auzipetu dituzte, eta fiskalak 10 eta 15 urteko kartzela-zigorra eskatu du kide bakoitzarentzat, ETAko kideak izatea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea leporatuta.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Auzitegi Nazionalak hasiera eman dio gaur goizean Udalbiltzaren aurkako epaiketari. Orotara 22 auzipetuta daude Udalbiltza auzian, eta Fiskaltzak 10 eta 15 urte arteko kartzela zigorra eskatu du kide bakoitzarentzat, ETAko kideak izatea eta diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.

Epaiketaren lehen zatia uztailaren 15,16, 22 eta 23an egingo dute. Udako oporren ondoren, iralean, eta bigarren zatiari ekingo diote (hilak 7, 8, 9, 14, 15 eta 16an), Auzitegi Nazionalak iragarri duenez.

Javier Gomez Bermudez izango da epaimahaiburua. Fiskalak orain bi urte egin zituen eskaerak. Auto berean, defentsak 2008an eskatutako lekukoak eta frogak onartu dituzte.

Auzi honetan, Udalbiltzako 22 kide auzipetu dituzte, batetik ETAko kideak izatea leporatuta, eta bestetik diru publikoa bidegabe erabiltzea egotzita.

Baltasar Garzon epaileak hasi zuen Udalbiltzaren aurkako operazioa, 2003an. 13 lagun kartzelaratu zituen, eta Udalbiltzaren egoitzak ixtea erabaki zuen.

Zentzu horretan, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak esan du "Justiziak geldo jarduten badu, jada justua" ez dela eta "sumarioen bideratzea askoz azkarragoa izatea" defendatu du.

Alderdi politiko eta pertsona famatu euskaldunak auzipetuen alde agertu ziren duela egun batzuk. 33 pertsonek Xabier Oleaga kazetariak Donostian aurkeztu zuen ekitaldian sinatu zuten 22 auzipetuen aldeko adierazpena. Bertaratu zirenen artean, Adolfo Muñoz (ELA), Ainoa Etxaide (LAB), Jesus Uzkudun (CCOO), Ainoa Aznarez (PSN), Anton Arbulu (PSE), Peio Urizar (EA), Iñaki Aldekoa (Aralar), besteak beste.

Manifestazioa

Bestalde, Udalbiltzako auzipetuek uztailaren 17rako manifestazioa deitu zuten Bilbon. ''Udalbiltza aske! Bai Udalbiltzari. Bai Euskal Herriari!'' lelopean, Casilla enparantzatik abiatuko da 17:30etan, eta udaletxearen parean amaituko da.

Gainera, auzian auzipetutako 22 kideei elkartasuna eta babesa eskaintzeko manifestua aurkeztu zuten Euskal Herriko 43 kultur eragile, sindikatu eta talde sozialek.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea