Politika -
Prozesu judiziala
Dokumentazioa: Udalbiltza auzia
Guztira 22 pertsona daude auzipetuta, eta 10 eta 15 urte arteko zigorrak eskatu dituzte haientzat, ETAko kide izatea eta dirua desbideratzea egotzita.
Erredakzioa
Udalbiltza, Euskal Herriko Udal eta Udal Hautetsien Biltzarra, 1999ko irailaren 18an sortu zuten Euskadiko, Nafarroako eta Iparraldeko alderdi nazionalistek. Euskal Herriko lehen erakunde nazionala zela esan zuten.
Sortze ekitaldia Bilboko Euskalduna Jauregian egin zuten eta, besteak beste, EAJko, EHko, EAko eta ABko 1.800 hautetsi inguru joan ziren.
Dena dela, ETAk 1998an iragarritako su-etena hautsi zuenean, arazo ugari izan ziren erakunde jaioberrian, eta bi Udalbiltzatan zatituta geratu zen: Alde batetik, EAJk eta EAk sustatutakoa, eta bestaldetik, ezker abertzaleak bultzatutakoa. Azken hori Udalbiltza-Kursaal izenaz ere da ezagun.
Haren aurkako auzia duela zazpi urte hasi zuten. Orduan, Auzitegi Nazionalak 13 pertsona kartzelatu eta erakundeko egoitzak itxi egin zituen.
Orotara 22 pertsona daude auzipetuta, eta Fiskaltzak 10 eta 15 urte arteko espetxe zigorrak eskatu ditu haientzat. 240 urte guztira, ETAko kide izatea eta erakunde armatuarentzat dirua desbideratzea egotzita.
Hain zuzen ere, auzipetutakoak honakoak dira: Xabier Alegria, Miriam Campos, Joseba Mikel Garmendia, Miren Karmele Urbistondo, Leire Idoyaga, Oscar Goñi, Larraitz Sanzberro, Jose Manuel Jurado, Lander Etxebarria, Eider Casanova, Loren Arkotxa, Miren Josu Aranburu, Imanol Esnaola, Xabier Iragorri, Xarlo Etxezaharreta, Esperanza Iriarte, Miren Jasone Astibia, Urko Irastorza, Maria Victoria Ugarteburu, Juan Carlos Alducin, Miren Odriozola eta Ibon Arbulu.
Akusazio idatzian, Fiskaltzak 10na urteko espetxe zigorrak eskatu ditu ETAko kide izatea egotzita. Lauri, baina, beste bost urte gehitu dizkie, funts publikoa desbideratzea leporatuta.
Ministerio Publikoaren ustez, Udalbiltza-Kursaal "ETAren menpe" dago, eta erakunde armatuak Batasunaren hutsunea betetzeko erabili zuen.
Bere aldetik, erakunde abertzaletik adierazi dute ez dagoela "inolako frogarik auzipetutako pertsonak eta Udalbiltza lotzen dituenik", eta ez dela "inolako egintza zehatzik egozten ETAren jarduerarekin zerikusirik izan dezakeenik".
Epaiketa uztailaren 15ean, 16an, 22an eta 23an, eta irailaren 7an, 8an, 9an, 13an, 14an eta 15ean egingo dute.