Politika -
1936ko gerra
Omenaldi hunkigarria Candido Saseta komandateari Hondarribian
Ekitaldian izan da Gerardo Bujando 98 urteko gudaria. Candido Sasetak zuzendutako batailoiko kide izan zen.
Agentziak | Erredakzioa
Euskal erakundeek Candido Saseta omendu dute, haren heriotzen 80. urteurrenean, Hondarribian, bere jaioterrian.
Saseta Euzko Gudarostearen (Eusko Jaurlaritzaren Armada) komandantea izan zen 1936ko Gerran.
Sasestaren gorpuzkiak Asturiaseko Areces herriaren inguruan topatu zituen Aranzadi Zientzia Elkarteak 2008an eta handik Hondarribiko hilerrira eraman zituzten. Bertan egin dute omenaldia.
Ekitaldia oso sinbolikoa eta hunkigarria izan da. Arratsaldeko bostetan hasi da, ordu horretan hil zela uste baita. Bertan izan da Gerardo Bujando 98 urteko gudaria, Candido Sasetak zuzendutako batailoiko kide izandakoa.
Sasetaren senideek eta agintari politikoek hobiaren aurrean egin dute lore-eskaintzan bere kabuz hartu du parte Bujandok, Josu Erkoreka eta Estefania Beltran de Heredia Eusko Jaurlaritzako sailburuak eta Markel Olano Gipuzkako ahaldun nagusia alboan zituela.
Gudari zaharrak hainbat aldiz uko egin dio esertzeari, eta, duintasunez, zutik eta lehen lerroan jarraitu du ia ordu erdiz luzatu den ekitaldia.
Omenaldian izan dira, besteak beste, Xabier Arzalluz EAJko buruzagi historikoa; Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruzagia; Eider Mendoza Gipuzkoako Batzar Nagusietako presidentea; Maribel Vaquero Bizikidetza eta Giza Eskubide arloko foru zuzendaria; Imanol Lasa Gipuzkoako Diputazioaren bozeramailea; Joseba Agirretxea eta Iñigo Barandiaran EAJko diputatuak; eta Juantxo Agirre Aranzadi Zientzia Elkarteko kidea.
Guztiek Candido Sasetaren senide eta lagunak babestu dituzte, baina baita Gerardo Bujando ere, egun seinalatu eta hunkigarri honetan.