Politika -
Cabieces auzia
Fiskalak 2 urteko zigorra eskatu du Cabieces auziko hiru akusatuentzat
Fiskalaren esanetan, Cabieces, Fernandez eta Alcorta zigortzeko 'behar adina froga' daude; izan ere, ez dago Cabiecesek egindako lanaren froga egiaztagarririk.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Fiskaltzak bi urteko kartzela zigorra eskatu du Cabieces auziko hiru akusatuentzat: Mario Fernandez Kutxabankeko presidentearentzat, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak EAEn zuen ordezkariarentzat eta Rafael Alcorta abokatuarentzat. Fiskalaren esanetan, Cabieces, Fernandez eta Alcorta zigortzeko 'behar adina froga' daude, eta Cabiecesek egindako lanaren froga egiaztagarririk ez dago. Edozein kasutan, Kutxabank "galtzaile atera" zela gaineratu du.
Gaur amaitu da Bizkaiko Probintzia Auzitegian egin duten epaiketa. Kutxabankek, Rafael Alcorta abokatuaren bulegoaren bitartez, Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak EAEn zuen ordezkariari ustez egindako ordainketa irregularrengatik (243.592 euro), akusatuen aulkian eseri dira Mikel Cabieces bera, Mario Fernandez garai hartan Kutxabankeko presidente zena eta Rafael Alcorta abokatua.
Ondorioen irakurketa egiterakoan fiskalak adierazi duenez, "behar adina froga" daude hirurak zigortzeko, hiru akusatuek bankuari kalte egiteko elkar hartuta jardun baitzuten. Fiskalaren hitzetan, Cabiecesi mesede egiteko hartu zuten erabaki hori, bankuaren ondasunen kalterako.
Herri akusazioak bat egin du eskaerarekin
Herri akusazioak bat egin du Fiskaltzaren ondorioekin, baina hiru urte eta erdiko zigorra eskatu du Cabieces eta Alcortarentzat, eta bi urte eta hiru hilabetekoa, berriz, Fernandezentzat.
Jone Gorizelaia herri akusazioaren abokatuak baieztatu duenez, auzi honek "garbi" erakusten du "ate birakariak" egon badaudela; izan ere, Fernandezek onartu egin du Cabiecesi hilero soldata bat ordaintzeko jardun zuela, alderdi politikoetako zenbait arduradunen deiak jaso ostean.
"Ordainketa horiek ahalbidetzeko trama Fernandezi otu zitzaion", eta banketxearen barruan eta Alcorta berak "haren aginduak besterik ez zituzten bete". Goirizelaiaren esanetan, horrela geratu zen jasota Fernandezek eta Cabiecesek 2012ko otsailean sinatu zuten agirian, eta, gaineratu duenez, agiri horretan azaltzen dena “hurrenez hurren” bete zen, eta bertan agertzen diren kopuru zehatzak ordaindu ziren.
Horrez gain, nabarmendu du Kutxabankek Alcortaren bulegoari 900 euro ordaindu zizkiola bidaia-gastuengatik "2012ko agirian jasotzen denari jarraiki, nahiz eta Cabiecesek ez zuen inolako bidaiarik egin kopuru horiek kobratu ahal izateko".
Goirizelaiak auzitegiari eskatu dio aintzat hartu dezala hiru akusatuek uko egin diotela bere galderari erantzuteari, eta zilegitzat har ditzala akusazioen kontakizunak.
Defentsek absoluzioa eskatu dute
Defentsek bestelako irakurketa bat egin dute. Horrela, euren bezeroentzat absoluzioa eskatu dute, euren aburuz, Kutxabankek ez baitzuen kalte ekonomikorik izan haien jarduerarengatik.
Carlos Bueren abokatuaren esanetan, Mario Fernandez bere bezeroak "ez zion Kutxabanki inolako kalte ekonomikorik eragin"; are gehiago, bere esanetan, haren jarduera "onuragarria" izan zen erakundearen interesentzat. Hartara, bidezko epaia eskatu du Fernandezentzat, "pertsona baten ohorea baitago jokoan", ohartarazi du.
Bere aldetik, Alcortaren defentsaz arduratzen den Javier Beramendi abokatuak azaldu duenaren arabera, bere bezeroak Kutxabankek agindu ziona betetzea beste aukerarik ez zuen izan, hau da, Gobernuko ordezkari ohiak bere bulegotik hilero soldata bat kobratu behar zuela, kolaboratzaile gisa, kontratu batek horretara behartzen baitzuen.
Azkenik, Mikel Cabiecesen abokatu Jesus Urrazak baieztatu duenez, Gobernuko ordezkari ohia sobera prestatuta zegoen Alcorta aholkularitza bulegoarekin lankidetzan aritzeko, eta hala egin zuen, nahiz eta berak egindako lanak ez zuen izan ikusgaitasun publikorik, Kutxabankek horrela izatea gaindu baitzuen.