Politika -
Elkarrizketa ETBn
Gerenabarrena:'EAJk ez du espiatzen eta ez du azpijokorik ertzainekin'
Iñaki Gerenabarrenak irmoki ukatu du Arabako ustezko espioitza kasuarekin EAJk inolako zerikusirik duela.
Erredakzioa
Iñaki Gerenabarrena Arabako EAJren presidenteak nabarmendu du bere alderdiak ez duela "inor espiatzen" eta ez duela "inolako azpijokorik" lurralde historiko horretako politikariak ikertzeko.
Gauzak horrela, ETBn egindako elkarrizketa batean, ukatu egin du EAJk Arabako ustezko espioitza kasuarekin zerikusia duela. Azken egunotan komunikabide ezberdinetan zabaldu denez, Aitor Telleria EAJko kargu izandakoa eta bi ertzain espioitza kasu batean nahasita omen daude. Ikerketa sekretupean gordeta dago, eta Gerenabarrenaren ustez, "filtrazio horien atzean" EAJri kalte egiteko "asmo txarrak" daude. Alabaina, "ez dugu ezer ezkutatzeko", azpimarratu du. Ildo horretan, ikerketa batzorde berezi bat sortzea proposatzen bada, EAJk eskaera babestuko duela iragarri du. "Ezinezkoa da EAJk espioitza kasu horrekin zerikusia duela frogatzea, EAJk inor espiatu ez duelako eta beste alderdi batzuk ikertu dituen ertzainik ez dagoelako", azaldu du. Horrenbestez, aipatu bi ertzainei espedientea ixtea gomendatu du. Aitor Telleriaren bulegoan ustez topatutako dokumentuen polemikaren harira, "babesik gabe" sentitzen dela adierazi du, baina argitu duenez, EAJk ez dio inolako azalpenik eskatu, ezta kargua alderdiaren esku uztea ere. Alderantziz, "EBBren babes osoa daukat", nabarmendu du.
Bestalde, Vital Kutxari dagokionez (Gregorio Rojoren dimisioaren ostean, Gerenabarrena da egungo presidentea), datorren uztailaren 29an asanblada egingo dutela jakinarazi du eta ziurrenik bilera horretan aukeratuko dute presidente berria, izan ere, EAJ eta PSEren arteko negoziazioak "bide onetik doaz" eta bi alderdiek babestuko duten hautagaia aukeratzea posible izango da.