Politika -
Konfiantza-galdea
Gasteizko Udalak Aurrekontuak onartu ditu, alkatearen botoarekin
Gorka Urtaran alkateak konfiantza-galdea gainditu du, eta Gasteizko alkate izaten jarraituko du.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Gasteizko udalbatzak 2017ko Aurrekontuak onartu ditu gaur, Gorka Urtaran alkateak konfiantza-galdea gainditu ostean. Lehendabiziko bozketan berdinketa hirukoitza izan denez, alkatearen kalitatezko botoak erabaki du auzia.
Aurreikuspenak bete egin dira, eta udal gobernuaren aurrekontu proposamenak EAJren (5 zinegotzi) eta PSE-EEren (4 zinegotzi) bederatzi zinegotzien babesa soilik izan du. PPko bederatzi zinegotziek kontra bozkatu dute eta EH Bildu (6 zinegotzi), Ahal Dugu (2 zinegotzi) eta Irabaziko (zinegotzi bat) ordezkariak abstenitu egin dira.
Aurrekontuak aurrera ateratzeko, Gasteizen inoiz erabili ez den aukera baliatu dute: konfiantza-galdea. Gasteizko udalbatzak Gobernuaren 2017ko aurrekontu proiektua atzera bota ostean, alkateak konfiantza-galdea aurkeztu zuen, hari lotuta Aurrekontuak onartzeko.
Bozketa egin aurreko eztabaidan, konfiantza-galdea defendatu du Gorka Urtaran alkateak, hiriarentzat aukerarik txarrena Aurrekontuak luzatzea zela argudiatuta. Ildo horretan, "kalkulu elektoralak" eta "joko arduragabea" alde batera uzteko eskatu die udal taldeei.
EH Bilduk kritika gogorrak egin dizkio alkateari. Miren Larrion bozeramailearen esanetan, alkatearekiko konfiantza galdu badute ere, aldaketarekiko konpromisoagatik eta irekitako "krisiari amaiera emateagatik", abstentziora jo dute. Halaber, "hordagoaren eta bakardadearen" Aurrekontuak inposatzea leporatu dio.
PPk "inposaketa" eta "ezintasuna" leporatu dizkio alkateari, "kalean botoa emanez gero galdu" egingo lukeen konfiantza-galdea aurkezteagatik.
Ahal Duguk eta Irabazik gobernatzeko moduan aldaketak egiteko eskatu diote, baina "aldaketarako azken aukera" izan daitekeela ohartarazi diote.