Politika -

2017

Aurrekontu Orokorrak onartzeko EAJren babesa bilatuko du Rajoyk

EAJrekin harremanetan jarri dela aurreratu du, eta datozen egunotan akordioa bilatzeko ahalegina egingo duela esan du.

Mariano Rajoy. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy. Argazkia: EFE
Mariano Rajoy. Argazkia: EFE

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Martxorako Espainiako Aurrekontu Orokorrei buruzko proposamen bat aurkeztu nahi duela jakinarazi du ostiral honetan Mariano Rajoy Espainiako Gobernuko presidenteak. Ildo horretatik, Ciudadanos eta Coalicion Canarias talde politikoekin lanean ari dela iragarri du, eta EAJ eta PSOEren harremanetan jarri dela esan du.

Paolo Gentiloni Italiako lehen ministroarekin bilera egin ostean Rajoyk agerraldi berezia egin du Moncloan. 2017rako Espainiako Aurrekontu Orokorrak lehenbailehen onartu nahi dituela esan du, eta talde politiko guztiekin akordioa bilatuko duela azaldu du. Dena dela, gastu-sabaiaren alde bozkatu duten alderdiei (PSOE, Ciudadanos eta EAJ) lehentasuna emango diela gaineratu du.

Hala, Ciudadanos eta Coalicion Canarias alderdiekin aurrekontuak onartzeko lanean dagoela jakinarazi du Mariano Rajoyk.

Ildo horretatik, EAJrekin harremanetan jarri dela esan du, eta datozen egunetan akordioa bilatzen ahaleginduko dela aurreratu du. PSOErekin biltzeko asmoa duela esan du, eta bien iritzia ezagutu ostean proposamen bat egingo diela gaineratu du.

Alderdi Popularrak 137 ordezkari dituela gogora ekarri du Rajoyk, eta Ciudadanos eta Coalicion Canarias alderdien babesa eskuratuko balu, aurrekontuak onartu ahal izateko bost ordezkari gehiagoren babesa beharko luke. Arrazoi horregatik, EAJ eta PSOErekin akordioa bilatzen ahaleginduko dela esan du.

Rajoyk azaldu duenez, oraindik ez dute akordiorik lortu, baina martxoa amaitu aurretik proposamen bat aurkeztu nahi duela esan du.

Bruselarekin akordatu duen defizit helburuari dagokionez, berriz, legea betearazteaz gain Europako Batzordeak hazkundea eta lanpostu gehiago bermatu behar dituela azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Euzko Alderdi Jeltzalea Espainako Gobernuaren presidente ohia Espainiako Gobernua bideoak Espainia argazkiak Alderdi politikoak bideoak Gaurko azken ordukoa