Politika -
Indarkeria matxista
Ahal Duguk Senatura eraman du Sevillako ultren pankartaren auzia
Ahal Duguko Nafarroako senatariak ekimen bat aurkeztu du, futbol zelaietan indarkeria matxista goratzen den kasuetarako protokoloengatik galdetuz.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Nafarroako Ahal Duguk Espainiako Senatura eraman du Sevilla futbol taldeko jarraitzaile batzuek joan den igandean Sadar futbol zelaian erakutsitako pankartaren auzia. Kartelaren bidez, beraien babesa agertu zioten sanferminetan emakume bat bortxatzea egotzita auzipetuta dauden bost pertsonetako bati.
Andaluziako taldearen jarraitzaileek Osasunaren eta Sevillaren arteko futbol partidan erakutsi zuten pankarta, eta Nafarroako erakundeek, alderdi politikoek eta gizarte kolektiboek irmoki salatu dute.
Gaur goizean Idoia Villanueva Nafarroako Ahal Duguko senatariak ekimen bat aurkeztu du, futbol zelaietan indarkeria matxista goratzen den kasuetarako protokoloengatik galdetuz.
Villanuevak jakinarazi duenez, indarkeria matxista edo genero indarkeria goratzea saihesteko neurri, isun edota jarduera protokoloen berri jasotzeko eskaria egin du.
Halaber, gaur egun dauden tresnak, Indarkeriaren kontrako Batzordea kasu, adierazpen publiko horiei aurre egiteko nahikoak ote diren galdetu du.