Politika -
Ustelkeria izan daiteke
Alacanteko Diputazioko presidentea aske utzi du epaileak
Ustelkeria auzia izan daiteke, baina ikerketa ezkutuan gordetzea erabaki dute. Valentziako Gobernuko presidenteordeak Generalitat-a "zuhurra" izango dela eta adierazpenik ez duela egingo esan du.
Erredakzioa
Jose Joaquin Ripoll Alacanteko Diputazioko presidentea (PP) aske uztea erabaki du epaileak, gaur goizean atxilotua izan ostean, Orihuelako Udaleko hiru zinegotziekin batera. Ustelkeriaren Aurkako Fiskaltzaren aginduz egindako operazioa izan da, baina arrazoiak ez dituzte oraindik argitu.
20:00 aldera gelditu da aske Ripoll komisarian deklaratu ostean, ustelkeriaren aurka Fiskaltzak zabaldutako auziaren harira.
Dena den, abokatuek ez dute zehaztu "karguekin edo kargurik gabe" aske utzi duten; izan ere, ikerketa sumariopean dago.
"Aldarte ona dauka eta nekatuta dago, baina pozik dago ikerketarekin kolaboratzeagatik", esan du Ripollen abokatuetako bat.
Efe ajentziak iragarritakoaren arabera (oposizioko alderdiak iturritzat erabiliz), ustelkeria susmoa dago, baina ikerketa ezkutuan gordetzea erabaki du Orihuelako hirugarren epaitegiak.
Polizia Alakanteko Diputazioa eta Orihuelako Udala miatzen aritu da goiz osoan zehar. Horrez gain, erakunde bien buruen bi etxeak ere miatu dituzte.
Momentuz operazioan 11 lagun atxilotu dituzte eta datozen egunetan epaitegian aurkeztu beharko dira. Barne Ministerioko iturriek komunikatu baten bidez jakinarazi dutenez, ikerketak zabalik jarraitzen du eta "ekintza berriak" izatea ez dute baztertu.
Vicente Rambla Industria sailburua eta Valentziako Gobernuko presidenteordeak, bestalde, Generalitat-a "zuhurra" izango dela eta adierazpenik ez duela egingo esan du, "ikerketaren nondik norakoak ezagutu arte".