Politika -

Protesta

Egun bat txosna barik Bilboko Aste Nagusian

Horrela, konpartsek protesta egingo dute Udalak Txori Barroteri eta Kaskagorriri jarritako zigorren aurka. Aipatu konpartsek ezin izango dituzte txosnak jarri, iaz ETAko presoen argazkiak jartzeagatik

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko konpartsek iragarri dute "egun bateko plantoa" egingo dutela Aste Nagusian, hau da, egun batean ez dituztela irekiko txosnak eta ez dutela ekitaldirik egingo, Udalak bi konpartsari jarritako zigorren aurka protesta egiteko.

Iaz, Udalak baimena kendu zien Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsei, terrorismoa goratzea egotzita, ETAko presoen argazkiak erakusteagatik.

Horrenbestez, ezin izango dituzte txosnak jarri 2010ean eta 2011n, eta haien lekuak hutsik geratu beharko dira.

Hori horrela, Garikoitz Goikoetxea konpartsen federakundeko bozeramaileak iragarri du "egun bateko plantoa" egingo dutela, "24 orduz Aste Nagusian txosnarik ez egotea zer den erakusteko".

Prentsaurrekoan, Goikoetxeak azaldu du plantoa haien "erantzuna" dela aipatu zigorraren aurrean. Euren ustez, Udalak "jai herrikoi eta parte-hartzaileen eredua zapuztu nahi du" eta neurria "legez kanpokoa" da eta "adierazpen askatasuna urratzen du".

Halaber, Txori Barrote eta Kaskagorri konpartsak txosnagunean izango direla ziurtatu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea