Politika -
Turismoa
Euskadi Espainia markarekin batera sustatuko dute atzerrian
Turismoko Estatu idazkari Joan Mesquidak eta Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismoko sailburuorde Pilar Zorrillak batera sustapen akordio bat sinatu dute, 600.000 euroko aurrekontuarekin.
Erredakzioa
Joan Mesquida Turismoko Estatu idazkariak eta Pilar Zorrilla Eusko Jaurlaritzako Turismoko sailburuordeak akordio bat sinatu dute Bilbon, Euskadi, lehen aldiz, Espainiako markarekin batera sustatzeko atzerrian. Ingalaterran, Frantzian eta Alemanian egingo dute, eta 600.000 euro jarriko dituzte horretarako, alde bakoitzak % 50 jarriz.
Akordioa urtearen amaierarte izango da eta batera kanpainak egingo dituzte Turespañaren ''I need Spain'' lelopean.
Urriaren 2tik 28ra Londreseko Harrods saltokian ekitaldi gastronomiko bat egongo dute Euskadi sustatzeko. Frantzian sareko bidai agentziekin kontaktuan izango dira eta Alemanian bitartekarien artean helbide turistiko gisa sustatuko dute.
Eusko Jaurlaritzak hitzarmen horrekin Euskadik atzerrian proiekzio handiagoa izatea espero du. Azaldu duenez, urteko lehenengo bost hilabeteetan turisten 800.000 sarrera erregistratu dituzte, 2007an baino 20.000 gehiago.
Espainian erregistratutako turisten % 87 aurretik herrialdean egon da eta haien % 41 hamar bider baino gehiagotan. Horregatik, Mesquidak Espainia marka mantentzeko garrantzia azpimarratu du, beste erregio markekin indartuz.