Politika -
Jaurlaritza
Erkorekak Estatuak autogobernuaren aurka duen jarrera salatu du
Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak adierazi duenez, 2030. urterako Euskadiko Administrazio Orokorreko langileen % 68 jubilatu egingo da.
Agentziak | Erredakzioa
Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak eta Gobernantza Publiko eta Autogobernurako sailburuak azaldu duenez, beharrezkoa da "Estatuko boterea eta Auzitegi Konstituzionala Euskadiko autogobernuaren aurka" egiten ari diren jardueren aurrean ekitea. Eusko Legebiltzarrari deia egin dio ekimen hori gidatu dezan. Eusko Legebiltzarreko Erakunde, Segurtasun eta Gobernantza Publikoaren Batzordean egindako agerraldian hitz egin du Erkorekak, legegintzaldi honetarako helburuak azaltzeko.
Era berean, Estatu espainiarrak "zentralizazioa" bultzatzeko duen estrategia erasokorra salatu du. Horri aurre egiteko, estrategia mailakatua proposatu du, aldi berean garatu beharreko hiru ardatzetan oinarrituta: Euskadirako estatutu politiko berri baterako proposamena diseinatzea, Espainiako Gobernuari Gernikako Estatutua bere osotasunean bete dezan eskatzea, eta Euskadiri emandako eskuduntzak babesteko detekzio- eta erreakzio-mekanismoak hobetzea.
Enplegu Publikorako Lege berria
Bestalde, 2030. urterako Euskadiko Administrazio nagusiko langileen % 68k erretiroa hartuko duela azpimarratu du Erkorekak. Halaber, langileak zahartzearen arazoaz gain, beste hainbat erronka dituztela aipatu du. Hortaz, Enplegu Publikorako Lege berri baten beharra nabarmendu du: "Ezin dugu denborarik galdu".
Horrez gain, programa legegileak Enplegu Publikorako Legea egiteko proiektu bat izango duela aipatu du. Euskal administrazio publikoetako lan-oinarriak modernizatzea eta berritzea da helburua.
Zahartutako lan-taldeak
Euskadiko Administrazioan lan egiten duten langileei dagokienez, diagnostikoa garbia dela uste du Erkorekak: lantaldeak zahartuta daude, behin-behinekoen tasa handia da, eta gizon eta emakumeen artean desberdintasuna dago.
Hori dela eta, Erkorekaren sailak "hiru xede nagusi" proposatuko ditu: lantaldea gaztetzea, behin-behineko langileak finkatzea eta gizonen eta emakumeen berdintasuna lortzeko lanean jarraitzea.