Politika -
Auzitegi Nazionala
Joan Coma Vic udalerriko CUPen zinegotzia atxilotu dute
Zinegotziak berak eman du atxiloketaren berri haren Twitter kontuan. Elkarretaratzeak deitu dituzte arratsaldeko zortzietan Kataluniako udaletxe guztien atarietan.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Joan Coma Vic udalerriko CUPen zinegotzia atxilotu dute gaur Auzitegi Nazionalaren aginduz eta Madrilera bidean da.
"Auzitegi Nazionalak atxilotu egin nau. Batzen gaituen hori balia dezagun kolektiboki aurre egiteko. Besarkada bat guztioi, bihotz-bihotzez", idatzi du haren Twitter kontuan.
Auzitegi Nazionala Joan Coma ikertzen ari da, ustez, sedizioa bultzatzea leporatuta. Are gehiago, urria bukaeran deklaratzera deitu zuen, baina Joan Coma ez zen epaitegira agertu.
Comaren atxiloketa salatzeko elkarretaratzeak deitu dituzte arratsaldeko zortzietan Kataluniako udaletxe guztien atarietan.