Politika -

ERREAKZIOAK

Felipe VI.aren mezua kritikatu dute EAJk, EH Bilduk eta Podemosek

PPk eta PSOEk, berriz, goratu egin dute Felipe VI. Espainiako erregeak atzo igorritako mezuaren eduki soziala eta politikoa.

Kritikak EAJ, EH Bildu eta Podemosetik eta loreak PSOEtik eta PPtik

1:37

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Aitor Esteban EAJk kongresuan duen bozeramailearen arabera, Felipe erregeak Gabon gauean emandako mezua "bakuna izan zen gizarte mailan, kontraesankorra politikan eta, lurralde mailan, berriz, ukapenez betetakoa".

Alderdiak Bilbon duen egoitzan egindako adierazpenetan, Estebanek esan du erregearen hitzak 'Marmotaren Eguna'ren antzekoak izan zirela, baina, Bill Murray "denboran harrapatuta dagoen bitartean", Erregea "tronuan harrapatuta dagoela ematen du".

Bestalde, Marian Beitialarrangoitia EH Bilduko diputatuaren arabera, Erregearen mezua "hutsik dago", eta horrek argi eta garbi uzten du "Estatuak ez daukala Euskal Herriarentzako alternatibarik". Beitialarrangoitiak esan duenez, iraganean eskainitako gauza berbera eskaintzen du, hau da, "ukapena eta inposizioa", "sumisioa eta dependentzia".

EH Bilduko ordezkariak Hernanin azaldu duenez, Erregearen hitzek argi uzten dute Estatuak ez duela "Euskal Herriarentzako eskaintzarik, erabakitzeko eskubidearekin, bakearekin, normalizazioarekin eta eraketa politiko eta sozialarekin lotutako gaiekin".

Podemosi dagokionez, Eduardo Maura alderdiak Euskadin duen idazkari politikoak esan du, mezua "desegokia eta funtsik gabekoa" izan dela, "pertsonen egunerokotik oso urruti dago".

PP eta PSOE

Laura Garrido EAEko PPko bozeramailearen iritziz, Erregearen mezuak "batasunaren balioa azpimarratu du, hausturak ekidin eta batzen gaituena indartzeko, banatzen gaituenaren aurrean".

PSOEren kasuan, Antonio Hernando Kongresuko bozeramaileak mezuaren eduki soziala balioetsi du. Iraganari baino etorkizunari begiratzen dion mezua izan dela esan du Hernandok, espainiarrak batzen dituzten gauzak banatzen dituztenen gainetik nabarmenduz.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
PNV-EAJ Alderdi Sozialista Albisteak Alderdi Popularra EH Bildu Gipuzkoa Albisteak Podemos