Politika -

Eskaera

Espainiari eta Frantziari 'armagabetzean laguntzeko' eskatu diete

Ortuzarrek eta Otegik, ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiekin batera, Frantziako eta Espainiako Gobernuei “ETAren armagabetzea arrakastaz gauzatzeko” laguntza eskatu diete.

Agiriaren aurkezpenaren irudia. EFE
Hainbat alderdik eta eragilek bat egin dute Luhuson atxilotutakoekin

1:33

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Andoni Ortuzar EAJko presidenteak eta Arnaldo Otegi ezker abertzaleko buruak agerraldia egin dute ostegun honetan, erakunde politiko eta sindikaletako ordezkariekin batera, eta “ETAren armagabetzean laguntzeko” eskatu diete Espainiako eta Frantziako Gobernuei.

Bi buruzagi politikoek, Txiki Muñoz eta Ainhoa Etxaide ELA eta LAB sindikatuetako idazkari nagusiekin batera, agerraldia egin dute komunikabideen aurrean, eta agiri bat irakurri dute bertan, euskaraz eta gaztelaniaz. Podemos Nafarroaren, ESKren, STEILASen, Geroa Bairen eta antikapitalisten babesa ere izan dute.

Testuan, horren sinatzaileek euren poza agertu dute Luhuson asteburuan ETAren armak aurkitu ostean atxilotutako bost pertsonak aske utzi dituztelako.

Halaber, “ETAren armagabetzea arrakastaz gauzatzeko” laguntza eskatu diete Frantziako eta Espainiako Gobernuei, segurtasun arloan duten konpetentziagatik, eta testua babestu duten ordezkariek bakea lortzen laguntzeko euren konpromisoa nabarmendu dute.

Oso positibotzat baloratu dute “ehunka hautetsik eta erakundeetako kargudunek erakutsitako konpromisoa, eta gizartean izandako mobizilizazioa, neurri batean horiek eragin baitute amaiera hau”, esan dute Luhuson atxilotutakoak aske utzi izanaren inguruan.

"Egiaztatze-tresnak"

EAJk, EH Bilduk eta gainerako erakundeek “erantzukizuna hartzeko eta, nazioartean horrelako kasuetan egiten den bezala, armagabetze ordenatu, kontrolatu, seguru eta gardena egiten laguntzeko” eskatu diete Espainiako eta Frantziako Gobernuei.

Horretarako, horien ustez, “egiaztatze tresna independenteak behar dira, besteak beste, Nazioarteko Egiaztatze Batzorde bat izatea, gure erakundeak, alderdiak eta euskal gizartea ordezkatzen duten taldeak aintzat hartzen dituztenak”.

Halaber, segurtasun arloan duten konpetentzia dela eta, “armagabetzea arrakastaz gauzatzen” laguntzeko eskatu diete Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari.

Horrez gain, Eusko Legebiltzarrak eta Nafarroako Parlamentuak, eta Ipar Euskal Herriko Herri Elkargoak, “prozesuaren jarraipena egiteko aukera izan behar dute”, azpimarratu dute.

EAEko Ahal Duguk ez du adierazpena babestu

Lander Martinez EAEko Ahal Duguko Antolakuntza idazkariak azaldu duenez, bere alderdiak ez du ETAren armagatzearen inguruko adierazpena babestu, “labur” gelditzen dela iritzi diotelako; izan ere, “deia Espainiako eta Frantziako Gobernuei ez ezik, ETAri berari ere egin behar zaiola uste dugu, horrek baitu, azken batean, armagatzearen gaineko erantzukizun osoa”.

Martinezen hitzetan, adierazpenaren idatzian “hainbat aldaketa” egitea proposatu zuen Ahal Duguk, baina, “zoritxarrez, ezin izan genituen adostu”.

Nafarroako Ahal Duguk idatzia babestu duela eta, Martinezek esan du “naturaltasunez” hartu duela Nafarroako alderdikideek gehiago begiratu izana idatziaren alderdi positiboari, eta beraiek negatiboari, “alderdi senideak izan arren, eta elkarrekin jarrerak zehazteko harremanak etengabeak izan arren, bakoitzak bere autonomia baitu”.

Bestalde, EAEko eta Nafarroako Ahal Duguk, bi lurraldeotako Ezker Batuak, Equok eta Batzarrek idatzi adostu bat bidali dute, ETA armagabetzea ahalbidetuko duen zeharkako akordio bat aurkitzeko prest daudela erakusteko. Haien ustez, akordioa Frantziak eta Espainiak “erraztu” behar dute, Eusko Jaurlaritzarekin eta Nafarroako Gobernuarekin lankidetzan.

Euskadiko CCOOk ere azken honen antzeko ohar bat kaleratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Arnaldo Otegi albisteak Eusko Jaurlaritza Andoni Ortuzar Espainiako Gobernua albisteak ETA gaur