Politika -
Auzitegi Nazionala
Jihadismoagatik atxilotutako GALeko sikarioa, kartzelara
Auzitegi Nazionalak Daniel Fernandez Aceña baldintzarik gabe espetxera bidali du, terrorismo delitua egotzita. Haren pisukidea ere kartzelara bidali du, etxebizitzan droga atzeman ostean.
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Carmen Lamela Auzitegi Nazionaleko epaileak Daniel Fernandez Aceña ?jihadismoagatik asteartean Segovian atxilotutako GALeko kide ohia? baldintzarik gabe espetxera bidali du, terrorismoa delitua leporatuta. Fernandez Aceña 1980ko hamarkadan sikario izan zen eta 1984an, Hendaian, Jean Pierre Leiba trenbideetako langilea hiltzeagatik kondenatu zuten.
Asteartean Segovian egindako polizia operazioan Santa Eulalia auzoko etxebizitza bat eta Valsain udalerriko beste etxe bat miatu zituzten.
Poliziak itxura txarreko bideoak eta burua moztutako pertsonen irudiak atzeman zizkion atxilotuari. Antza denez, bere burua eta beste batzuk jihadismoan trebatzeko eta hezteko erabiltzen zituen irudi horiek.
Daniel Fernandez Aceñarekin batera atxilotutako bigarren pertsona ere espetxera bidali du epaileak. Dena den auzitegiko iturriek jakinarazi dutenez, egindako miaketan droga antzeman zioten eta osasun publikoaren kontrako delitua leporatuta sartu dute kartzelan.
Fernandez Aceña jaiotzez irundarra da eta Afganistanera, Siriara eta Palestinara joandakoa da, eta bidaiotan "ekintza suizidak" egiteko prest azaldu da.