Politika -

Presoak

Espainiako Gobernuak dio egungo espetxe-politikari eutsiko diola

"Espainian ez dago inor kartzelan independentista izateagatik", azpimarratu du Juan Ignacio Zoido Barne ministroak.

Espetxe-politikak bere horretan jarraituko duela esan du Zoidok

0:23

Agentziak | Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Juan Ignacio Zoido Barne ministroak esan du Espainiako Gobernuak ez duela egungo espetxe-politika aldatuko, eta azpimarratu du Espainian ez dagoela preso politikorik, ezta independentista  izateagatik kartzelatutakorik. "Hilketak, bahiketak eta estortsioak egiteagatik daude espetxean", nabarmendu du.

Espainiako Gobernuak sakabanaketa politika amaitzeko eta, ondorioz, sufrimendua bukatzeko asmorik duen argitzeko eskatu dio Iñaki Goioaga EH Bilduko senatariak Zoido ministroari.

Goioagak esan du presoen sakabanaketaren ondorioz "ehunka gizon-emakumek eta umek" milaka kilometro egin behar izaten dituztela astebururo espetxean dituzten senideak bisitatu ahal izateko, eta dispertsioa ezarri zenetik, kartzeletarako joan-etorrietan, 16 senide hil direla gaineratu du.

Zoidok erantzun dio ez dela hitzetan nahasiko. "Espainian ez dago inor espetxean independentista izateagatik; Espainian ez dago preso politikorik; zama gainean heriotza asko dituzten hiltzaileak daude kartzelan; biktima bakarrak daude eta espetxean haien borreroak daude”, adierazi du.

Amaitzeko, Espetxeetako Legearen balioa aldarrikatu du, eta Espainiako Parlamentuaren gehiengoaren babesarekin jarri zela indarrean azpimarratu du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Berriak Politika Espainiako Gobernua albisteak Presoak Euskadi Ta Askatasuna albisteak Gaurko azken ordukoa