Politika -
PP-EAJ akordioa
Eusko Jaurlaritzak legea aldatuko du defizitaren muga igotzeko
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak akordioa lortu zuten joan den astean zorpetze-muga % 0,7a arte igotzeko.
Agentziak | Erredakzioa
Eusko Jaurlaritzak lege-proiektu bat onartu du Euskal Autonomia Erkidegoko Aurrekontua aldatu eta defizit muga % 0,3tik % 0,7ra igotzeko.
Neurri horrekin gastu publikoan murrizketak egitea saihestu eta 268 milioi euro gehiago izatea lortuko duela aurreikusten du Iñigo Urkulluren Exekutiboak, zerga bidez bildutako dirua behera egin arren.
2016ko Aurrekontu Legea premiazko bidetik aldatuko dute eta proiektu berria abenduaren 22ko osoko bilkuran onar dezakete Legebiltzarrean, Pedro Azpiazu Ogasun eta Ekonomia sailburuak azaldu duenez.
Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak joan den astean adostu zuten defizitaren muga igotzea.
Bilera Espainiako Gobernuarekin
Bestalde, Josu Erkorekak iragarri du Eusko Jaurlaritzaren eta Espainiako Gobernuaren zerbitzu juridikoek bilera egingo dutela datorren asteartean, PPren Exekutiboak azken urteotan EAEko hainbat legeren aurka jarritako helegiteak erretiratzeko aukera aztertzeko.
Batzarra abenduaren 20an egingo dute, eta, Erkorekak erantsi duenez, “bilera teknikoa” izango da.
Bestalde, bi gobernuetako ordezkariak azken asteotan harremanetan izan direla aitortu du. Ildo horretan, Soraya Saenz de Santamariarekin telefonoz hitz egin zuela baieztatu du.
Datorren asteko bileran lau lege izango dituzte hizpide: poliziaren biktimena, udal legea, menpekotasunen legea eta herri-ekimen legegilearena.