Politika -
Ipar Irlandan
Fermin Vila Mitxelena ETAko ustezko kidea atxilotu dute Belfasten
Thierry ETAko ustezko buruzagi politiko ohiari atzemandako agirien artean haren argazkia zuen nortasun agiri faltsu bat atzeman zutelako atxilotu ahal izan dute.
Erredakzioa
Erresuma Batuko Segurtasun Indarrek, Guardia Zibilak lagunduta, Fermin Vila Mitxelena ETAko ustezko kidea atxilotu dute Belfasten, Ipar Irlanda, Barne Ministerioak baieztatu duenez.
Thierry"ETAren egiturak gero eta sakabanatuagoak eta dibertsifikatuagoak dauden erakuslea" dela uste du Alfredo Perez Rubalcaba buru duen Ministerioak.
Haren Ipar Irlandako etxebizitzan hainbat gauza atzeman dituzte, hala nola agiriak, ordenagailu eramangarri bat, nortasun agiri faltsu bat, banku txostenak, laneko ordain-agiriak, curriculum pertsonalak, agendak eta CDak.
Vila Mitxelena Irunen jaio zen 1970ean. KAS/EKIN-eko kide izan zen, eta pertsona, talde eta erakunde terroristen zerrenda europarrean agertzen zen, Europako Batzordeak lehen aldiz idatzi zuenetik.
Espainiako Segurtasun Indarrek uste dute Vilak ihes egin zuela 2001eko martxoan, Poliziak ETAren Sugoi taldea desegin zuenean. Ondoren, Madril taldean sartu zela uste dute eta, besteak beste, BBVAren egoitza baten eta Justizia Ministerioaren ordezkaritza baten alboan bonba-auto bana jartzea egotzi diote. Azken atentatu horretan Luis Ortiz de la Rosa polizia hil zen.
2003ko urtarrilean, Baltasar Garzon Auzitegi Nazionaleko epaileak auzipetu egin zituen 2001eko azaroan desegindako Madril taldeko bost ustezko kideak, hots, Ana Belen Egues, Aitor Garcia Aliaga, Fermin Vila, Gorka Palacios eta Julian Rubenach (azken hiru horiek ihes eginda zeuden).
Atxiloketa honekin, 55 dira jada ETArekin zerikusia izatea egotzita aurten atxilotutakoak.