Politika -

Elkarrizketa Euskadi Irratian

Batasunak ETAren pausoak espero ditu EArekin irekitako bidea garatzeko

Xabi Larralde Iparraldeko bozeramaileak esan du "ikusteke" dagoela EAk eta ezker abertzaleak lotutako akordioak "hauteskundeetan" isla izango ote duen.

Erredakzioa

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Xabi Larralde Batasunak Ipar Euskal Herrian duen bozeramaileak esan du ez duela zalantzarik ETAk "bere pausoak" emango dituela Eusko Alkartasunak eta Ezker Abertzaleak Bilbon iragan igandean aurkeztutako akordioarekin irekitako bidea "gara dadin", nahiz eta zehaztu ETAk erabaki behar duela "nola eta noiz" eman pauso horiek.

Euskadi Irratiari eskainitako elkarrizketa batean Larraldek azaldu duenez, "ikusteke" dago EAk eta ezker abertzaleak sinatutako akordioak, "herria independentziaren ateetara" eramatea helburu duenak, "hauteskundeetan" isla izango ote duen.

Buruzagi abertzaleak esan du akordio horrek izan dezakeen "oztopo handiena" Frantziako eta Espainiako Estatuak direla. "Espainiarrak ekitaldiaren biharamunean EAri begira egin dituzten mehatxuak ikustea besterik ez dago. Objektiboki begiratuta, oztopo handiena eta gogorrena Frantziako eta Espainiako estatuek jarriko dute", berretsi du.

EAren eta ezker abertzalearen akordioari "benetako zentzua" emateko "ikuspegi zabal batetik" begiratu behar dela iritzi dio Larraldek. Izan ere, 1998an egindako Lizarra-Garazi akordiotik, "euskal gizartean indarra hartu duten borondate eta behar nagusiak hiru dira: lehenik, denok dakigu marko politikoak eta erakundeetakoak agortuta daudela EAEn, Nafarroan eta Iparraldean. Bigarrenik, Euskal Herriari hitza eta erabakia ematea ezinbesteko elikagaia da. Azkenik, denok nahi dugu gatazka amaitzea".

Horren harira, "indar espainolistek" EAEn eta Nafarroan egin dituzten gobernu-akordioen helburua "aldaketarako aukera ixtea" dela uste du Larraldek. Hori dela eta, "haiek egiten dutena guk egitea" erabaki omen dute, izan ere, "bi proiektu bakarrik daude, Euskal Herria Espainia eta Frantzian dagoela diotenena, eta Euskal Herria Euskal Herria dela diogunona".

EAJ

Bestalde, Batasuneko ordezkariak esan du EAk eta ezker abertzaleak igandean egin zuten ekitaldiaren harira sortutako erreakzioen artean EAJrenak harritu diola gehien. Iñigo Urkullu buruzagi jeltzalearen analisia "oso pobrea" izan zela salatu du, "egoeraren blokeoaren jokoan" sartu delako.

Larraldek adierazi duenez, EAren eta ezker abertzalearen akordioaren helburua "independentziaren aldeko indarrak batzea da", eta hor sartuko lirateke "independentzia lortzeko erabateko borondate zintzoa" duten guztiak.

"Teorian, EAJ ere sar litekeela esango nuke, EAJk bere izaera abertzalea errespetatzen badu betiere. Baina momentu honetan, EAJk ez du egitasmo independentistarik, kontrakoa baizik", berretsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea