Politika -
Heriotza
Rita Barbera hil da, bihotzekoak jota
Ondoeza izan du Madrilgo hotel batean zegoela, eta SUMMAk baieztatu du hil egin dela handik gutxira.
EITB.EUS
Rita Barbera Valentziako alkate eta PPko senatari ohia hil da asteazken honetan, bihotzekoak jota.
Barbera Madrilgo Vila Real hotelean zegoen 07:00ak aldera ondoezik sentitu denean. Bertaratutako SUMMA larrialdi zerbitzuetako langileek bihotz-biriketako bizkortzea egin diote ordu erdiz, baina azkenean haren heriotza baieztatu baino ezin izan dute egin.
PPko buruzagi ezaguna izandakoak 68 urte zituen.
Gorpua altxatzeko agindua eman duen epailea 09:30 jota zirenean iritsi da Madrilgo hotel horretara, eta 10:30 jo baino lehenago irten da Poliziarekin batera.
Vila Real hotelera bertaratutako hileta zerbitzuetako langileek Auzitegiko Institutu Anatomikora eraman dute Rita Barberaren gorpua, Alderdi Popularreko iturriek baieztatu dutenez.
Heriotzaren berri izan ostean, Alderdi Popularreko hainbat kide joan gerturatu dira Espainiako Diputatuen Kongresuan dagoen Vila Real hotelera: Juan Ignacio Zoido, Barne ministroa; Maria Dolores de Cospedal, Defentsa ministro eta PPko idazkari nagusia; Javier Arenas, PPko Politika Autonomikoko idazkariordea; Pio Garcia-Escudero, Senatuko presidentea; Jose Manuel Barreiro, PPk Senatuan duen bozeramailea; Pedro Sanz, Errioxako presidente ohia; Teofila Martinez, Cadizko alkate ohia, eta Rafael Merino, PPko diputatua.
Barberaren heriotzak erreakzio oldea eragin du, eta, esaterako, Espainiako Diputatuen Kongresuko osoko bilkurak minutu bateko isilunea egin du. Unidos Podemoseko diputatuak eta Talde Mistoko diputatu batzuk Parlamentutik atera dira une horretan, eta, ondorioz, ez dute minutuko isilunean parte hartu.
Valentziako alkate ohi eta senatariak astelehenean Auzitegi Goreneko Candido Conde-Cumpido epailearen aurrean deklaratu zuen Imelsa auzia dela-eta. Barberak ukatu egin zuen Valentziako Udaleko PPren taldeak egindako diru zuritzearekin zerikusirik izatea. Soilik onartu zuen 1.000 euro eman zizkiola alderdiari donazio gisa, eta 500 euroko bi billete jaso zituela bueltan.
Atzo, asteartea, Rita Barberak ez zuen Senatuko lehendabiziko osoko bilkuran parte hartu; Senatura deitu zuen ondoezik zegoela eta osoko bilkurara ez zela joango adierazteko. Senatuko iturriek azaldu dutenez, senatariak gaurko saioan parte hartzeko asmoa zuen, eta senatari valentziarrekin bazkaltzeko hitzordua zuen.