Politika -
Eusko Jaurlaritza
EAJk PSE-EE eta EH Bildurekin negoziatzen jarraituko du aste honetan
Ostegun honetan erabakiko dute lehendakariaren inbestidura-eztabaida noiz egin.
Agentziak | Erredakzioa
Negoziazio-prozesuaren iturrien arabera, EAJk PSE-EE eta EH Bildurekin negoziatzen jarraituko du aste honetan, Euskadiren gobernagarritasuna ahalbidetuko duten akordioak adosteko asmoz.
Era berean, aste honetan jakinaraziko dute Eusko Jaurlaritzako lehendakariaren inbestidura-eztabaida noiz izango den, ostegunean egingo duten ohiko osoko bilkuran. Horrez gain, legebiltzarkideen bateraezintasun-txostena bozkatuko dute. Ondoren, lehendakariak karguaren zina egingo du Gernikan; itxura guztien arabera, azaroaren 19aren eta 24aren artean.
Datozen egunotan, beraz, EAJk sozialistekin hizketan jarraituko du. Joan den astean ere bildu ziren jarrerak bateratu eta "akordioak adosteko". Irailaren 29an izan zuten lehen bilera, eta sozialistek gizarte-agendari lehentasuna ematen jarraituko dute. Joseba Egibar Eusko Legebiltzarreko bozeramailearen esanetan, honako arlo hauetan "gutxieneko konpromisoa" adierazi behar da: bakea, bizikidetza, ekonomia, lana, babes soziala, autogobernua eta estatus berria.
EH Bildu
Bestalde, EH Bildurekin ere bilera egingo du aste honetan, hauteskundeen osteko lehen batzarrean EAJk dokumentu batean helarazitako proposamenei koalizio abertzaleak emandako erantzunaz hitz egiteko.
EH Bilduren iritziz, "borondatea edukiz gero", posible izango da akordioak lortzea. Izan ere, ez dute beraien ikuspuntua "dogma" bilakatuko, eta prest daude "hitz egin, negoziatu eta itunak hitzartzeko".