Politika -
Arrasate
Arrasateko batzokiko bi langileri pinturaz eraso dietela salatu du EAJk
Ohar baten bidez jakitera eman duenaren arabera, "errespetu falta izateaz gain, bizikidetzaren aurkako ekintza bat da".
Agentziak | Erredakzioa
EAJk gaur salatu duenez, hiru lagunek Arrasateko (Gipuzkoa) batzokiko bi langileri pintura gorria jaurti zieten, baita batzokiko aurrealdearen kontra ere.
Ohar baten bidez jakitera eman duenaren arabera, "errespetu falta izateaz gain, bizikidetzaren aurkako ekintza bat da".
Oharrarekin batera lau argazki plazaratu dituzte. Beraietan ikus daitekeenez, batzokiko fatxadan pintura gorriaren zantzuak daude; horrez gain, trapuzko bi panpina handi daude lurrean, pinturaz zikinduta, eta horien alboan Europar Batasunaren eta AEBren arteko merkataritza askeko itunaren (TTIP) aurkako testu bat jasotzen duen kartel bat ere, "TTIP-PNV-PSOE" izenburupean.
Alderdi jeltzalearen esanetan, erasoa ostiral gauean gertatu zen, langileak batzokitik ateratzen ari zirela, eta une horretan hiru ezezagunek pintura gorria jaurti zuten haien aurka.
EAJk Udaleko Bozeramaileen Bilera egitera deitu du astelehenerako, "gertakari larri" horiek aztertzeko xedearekin.