Politika -
Madrilen
Urriaren 12ko lehen desfilea Gobernua jardunean dela
Zenbait presidente autonomiko ere ez dira izan ospakizunetan: Iñigo Urkullu eta Uxue Barkos, tartean.
Agentziak | Erredakzioa
Urriaren 12ko desfilea ospatu dute gaur Madrilen, Gobernua jardunean dela lehen aldiz. Espainiako errege-erreginak izan dira buru ekitaldian, eta Mariano Rajoyk egin die harrera, jarduneko Gobernuko presidenteak.
Bestalde, zenbait presidente autonomiko ez dira desfilean izan: Iñigo Urkullu lehendakaria, Uxue Barkos (Nafarroa), Carles Puigdemont (Katalunia), Ximo Puig (Valentzia) eta Alberto Nuñez Feijoo (Galizia).
Horrez gain, Podemoseko ordezkaririk ere ez da izan, gonbidapenari uko egin eta gero. Manuela Carmena Madrileko alkatea ere ez da joan, Latinoamerikan dagoelako.
Agintarien tribunan, Javier Fernandez PSOEko gestorako presidentea eta Albert Rivera egon dira, Ciudadanos alderdiko presidentea. Halaber, PSOEk eta PPk Kongresuan dituen bozeramaileak ere joan dira: Antonio eta Rafael Hernando, hurrenez hurren.
Desfile militarra amaituta, errege-erreginek harrera egin diete mila gonbidatu baino gehiagori Errege-Jauregian.
Pedro Sanchezen mezua
Pedro Sanchez sozialisten idazkari nagusi izandakoak mezu bat argitaratu du Twitterreko bere kontu ofizialean urriak 12ko jai eguna ospatzera deituta.
"Urriaren 12 hau ospatzen dugu elkarrizketarako eta elkarrulermenerako deia eginez gure herrialde eraikitzeko asmoz. Asmo horrekin egingo dugu lan beti sozialista guztiok", nabarmendu du.
Urriak 29, balizko inbestidurarako data
Sozialistek eta PPko agintariek Mariano Rajoy presidente izendatzeko esku artean darabilten balizko inbestidura-eztabaidarako egutegiaren arabera, urriaren 29an izendatuko lukete presidente Rajoy. Hala ere, Ana Pastor Kongresuko presidenteak ohartarazi duenez, oraindik ez du horri buruzko behin betiko erabakirik hartu.
Pastor urriaren 12ko ekitaldi ofizialetan parte hartu du, eta errege-erreginek egin duten harreran kazetariei jakinarazi dienez, oraindik ez du erabaki zein egunetarako deituko duen inbestidura-saioa. Berari dagokio zeregin hori, behin erregeak hautagai bat proposatuta, urriaren 24aan eta 25ean egingo dituen elkarrizketa-sorten ostean.
Alabaina, PPren eta PSOEren parlamentuko bozeramaileek (Rafael Hernando eta Antonio Hernando, hurrenez hurren) harrera ekitaldi berean adierazi dutenaren arabera, eskua artean dituzten datekin urriaren 29an amaituko litzateke inbestidura-eztabaida.
Rafael Hernandoren esanetan, egun horretan Rajoyk bigarren bozketan lortuko luke Ganberaren konfiantza.
Mariano Rajoy zuhur agertu da, balizko inbestidura baten aurrean
Mariano Rajoy jarduneko Gobernuko presidenteak zuhurtziaz jokatu du asteazken honetan, balizko inbestidura berri baten atarian. Hala ere, onartu du prestatzen joan beharko lukeela Kongresuan egingo litzatekeen eztabaida horretarako. Oraingoz egin dezakeen onena "isilik egotea" dela esan du, hirugarren hauteskundeak saihesteko sozialistek zer egingo duten ikusi arte.
Garcia-Pagek EAJrekin hitz egiten ari direla onartu du
Bestalde, Emiliano Garcia-Page Gaztela-Mantxako presidenteak adierazi duenez, ziur dago PSOEk "gehiengo handiz" adostuko duela hirugarren hauteskudeak ekiditeko formula. Halaber, sozialistak EAJrekin hitz egiten ari direla baieztatu du.