Politika -
Berreratze prozesua
Sortuk hutsak onartu baina 'bake zatitxoa' lortzeko lana aldarrikatu du
Miren Zabaleta Sortuko zuzendaritzako kideak azaldu duenez, bere alderdiko berreratzeko prozesua "une onean" iritsi da, proiektua "inoiz baino biziago" baitago.
Agentziak | Erredakzioa
Berriozarren (Nafarroa) egindako ekitaldi politiko batean Miren Zabaleta Sortuko bozeramaileak baieztatu duenez, ezker abertzaleak "ez du beti asmatu" eta "hutsak egin ditu", baina, aldi berean, "bake zatitxoa" lortzeko bidean egindako lana aldarrikatu du.
Aipatu ekitaldian 300 pertsona inguru batu dira, besteak beste Adolfo Araiz edo Txelui Moreno ezker abertzaleko ordezkariak, eta ekitaldi horren xedea zen Nafarroan Sortu berreratzeko prozesuari hasiera ematea.
Sortu berreratzeko zuzendaritza taldearen kide den Zabaletaren aburuz, berreratze-prozesu hori "une onean" iritsi da, proiektua "inoiz baino biziago" baitago.
PSOEk egun hauetan bizi duen krisialdia ere hizpide izan du, eta bere esanetan "trantsizioaren krisia besterik ez da, ondoratzen dagoen alderdi-estatu baten autosuntsiketa da", "gerra zikinean jarrera jakina izan zuen alderdiarena", hain zuzen ere.
"Berriro ere erori egin da trantsizioari buruzko kontakizun bakarraren gezurra, eta berarekin batera gatazka politikoaren negoziaketa eta Estatu-indarkeriarena", azaldu du Zabaletak.
Sortuko bozeramaileak nabarmendu duenez, "Espainiako Estatua demokratizatzeko itxaropen bakarra" Katalunian zein Euskal Herrian "prozesu subiranistak" gauza ditzagula da, eta ildo horretatik Nafarroak "estatu-auzia izaten jarraitzen dela" baieztatu du.
Zabaletak ezker abertzaleko kideei dei egin die, Sortu bereratzeko prozesuan parte har dezaten, "euren ahalmen militantean, eraldatzailean, zintzoan eta errebeldean sinesten baitugu".