Politika -
Katalunia
Kataluniako Parlamentuak babesa adierazi dio Puigdemont presidenteari
Junts Pel Si eta CUPeko ordezkarien botoei esker, berak deitutako konfiantza mozioa gainditu du Kataluniako presidenteak.
Agentziak | Erredakzioa
Kataluniako Parlamentuan ordezkatuta dauden alderdi independentistek babesa eman diote Carles Puigdemont Kataluniako presidenteari. Izan ere, Junts pel Si (JxSi) eta CUPeko ordezkariek alde bozkatu dute Puigdemontek berak deitu zuen konfiantza mozioan, 2017ko irailean galdeketa egingo duela iragarri ostean.
Parlamentuan ordezkatuta dauden alderdi politikoek Kataluniako presidentearekin eztabaidatu ostean, bilkurak arratsalde honetan bozkatu du konfiantza mozioa. JxSi eta CUPeko 72 ordezkariek babesa adierazi diote Puigdemonti. Bestalde, Ciudadanosek, PSCk, Catalunya Si que es Potek eta PPCk (63 boto guztira) kontra bozkatu dute.
Bozketa amaitu denean, Puigdemont presidentea bere eserlekutik altxatu da eta bere alderdikideak agurtu ditu. Jarraian, eskua luzatu die oposizioan dauden alderdietako ordezkariei: Ines Arrimadas (Ciudadanos), Miquel Iceta (PSC), Lluis Rabell (Catalunya Si que es Pot), Xabier Garcia Albiol (PPC) eta Ana Gabriel (CUP).
Horrela bada, berak deitu zuen deitu zuen konfiantzazko mozioa gainditu du Puigdemont presidenteak. Babesik lortu ezean, kargutik kenduko lukete eta hauteskundeak 2017rako aurreratu beharko lituzkete. Dena den, alderdi independentistek babesa adierazi diote ostegun honetan eta arazorik gabe gainditu du konfiantza mozioa.
Atzo, asteazkena, egindako agerraldian, 2017ko irailean independentziari buruzko galdeketa egingo duela iragarri zuen Kataluniako presidenteak. Modu horretan, CUPeko hamar ordezkarien babesa lortu du; funtsezkoak izan direnak konfiantza mozioa gainditu ahal izateko.